Txirrindularitza

2023ko Tourreko lehen hiru etapak Euskal Herritik igaroko dira

Bilbotik irteteaz gain, bigarren etapa ere osorik jokatuko da Euskal Herrian, eta hirugarrenaren zati bat. Tourreko antolakuntzak eta Eusko Jaurlaritzak lasterketaren oihartzuna nabarmendu dute.

ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 26a
13:30
Entzun

Berretsi da. Frantziako Tourra Bilbotik irtengo da 2023an. Lehen etapa ere Bizkaiko hiriburuan amaituko da. Bigarrena ere Euskal Herrian korrituko da, eta hirugarrena zati bat. Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria pozik azaldu da, eta  Eusko Jaurlaritzak hori lortzeko izan duen "borondate politikoa" nabarmendu eta eskertu du. "Tourra Donostiatik abiatu eta 31 urtera berriro ere hemen izango gara. Harro egoteko zerbait da, bai guretzat baita zuentzat ere". Prudhommek 2006an jasotako eskutitz bat ekarri du gogora. "Euskaditik zetorren, eta Tourreko lehen etapa antolatzeko asmoa azaltzen zuen. Amaiera dut batez ere gogoan, erantzuteko eskatzen baitzuen". Irteera antolatzeak 10 milioi euro inguruko kostua izango du.

Lasterketaren 120. aldia izango da Bilbotik irtengo dena., eta Prudhommmek ondorengoa iragarri du "1992an 300 kilometro igaro ziren hemengo errepideetatik. Orain, gehiago izango dira". Bertako zaleak goraipatu ditu. "Munduko onenetakoak dira, Belgikakoekin batera. Ikusgarria izan zen, adibidez, 2001ean, Roberto Laisekari Luz Ardienen irabazi zuenean ,eman zioten babesa eta hauspoa". Horrekin batera Tourrak munduan duen oihartzuna ekarri du gogora. "190 herrialdeetara iristen da haren telebista seinalea. Erakusleiho aparta da".

Bide horretatik mintzatu da Urkullu ere. "Duela hiru urte ametsa zena egi bihurtzea lortu dugu talde lan on bati esker. Orain lanean hastea egokitzen zaigu, dena ondo antolatzeko". Urkulluk ere erakusleiho bat bezala ikusten du Tourraren irteera antolatzea. "Euskadi nazioartean ezagutarazteko bidean urrats inportante bat da halako kirol ikuskizun handi baten irteera antolatzea. Ez bakarrik kirol ikuspegitik. Egun horietan, adibidez, euskara lasterketako beste hizkuntz ofizialekin entzun ahal izango da. Hori oso inportantea da". Zaleak ere ekarri ditu gogora. "Pandemia egoera honetan inportanteak dira halako albisteak. Hemendik egun batzuetara ez da zalerik izango errepidean Itzulia ikusten, baina eutsi diezaiogun ilusioari. Ea gertu dagoen kirol ikuskizunak berriro zuzenean ikusteko aukera dugun egun hori".

Tourra 2018an igaro zela azkena aldiz Euskal Herriko errepideetatik. Urte hartan azken aurreko etapa, erlojupekoa, Ezpeletan amaitu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.