24 urte geroago, Frantzia eta Zeelanda Berria ariko dira finalean

'All Blacks'-ak dira faborito Munduko Kopako igandeko finalerako, Frantzia ez delako ongi-ongi aritu

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Munduko Kopa azken txanpan da, eta datorren igandean jokatuko da finala (10:00), hego eta ipar hemisferioen artean. Asteburuko partiden ondotik, Frantziak eta Zeelanda Berriak eskuratu dute finala jokatzeko eskubidea. Frantzia ipar hemisferioko talde klasiko bat da. Hirugarren finala izanen du, 1987koaren eta 1999koaren ondotik. 1991n izan ezik, beti sailkatu izan da finalerdietarako. Ibilbidea biribiltzeko, 2003an Ingalaterrak lortu zuena egitea ments zaio; Munduko Kopa irabaztea, alegia.

Kopa irabazteko faborito nagusia, hala ere, etxeko selekzioa izanen da: Zeelanda Berriko All Blacks mitikoen taldea. Orain arte, goitik behera kontrolpean izan dute lehiaketa. Hasierako ligaxkan, partida bakoitza erakustaldi bilakatu zuten, tartean Frantziari 37-17 irabazitako partida. Final-laurdenetan 60 minutuz garaipena landu, eta Argentinaren gainetik pasatu ziren (33-10). Herenegungo finalerdian, berriz, aise menderatu zuten Australia (20-6), estutasun handiegirik igaro gabe.

Ikusgarria izan zen anitzen ustez Kopa irabazteko bi hautagaiak zirenen artean jokatutako partidan Zeelanda Berriak erakutsi zuen nagusitasuna. Dan Carterren eta Piri Weepuren baitan atzeman zuten joko zuzendaria. Wallaby-en bizitasunari ihardesteko, berriz, Dagg, Conrad Smith eta Cory Janen zangoak erabili zituzten. Eta aitzineko jokoan, urteetan beren ahulezia zen horretan, erakustaldia eman zuten, eta Australiako uztartzea ipurdiz behera utzi.

Kritikak Frantziari

Nola erantzun dezake Frantziak, Galesen aurka lanbroa bezain gris aritu zen selekzioak? Oraingoz, isilik geldituz eta partida bere txokoan prestatuz. Isilik ez daudenak Zeelanda Berriko kazetariak dira. Frantziari bereak eta bi bota dizkiote: «Frantziaren historiari irain egin diote, horren partida txarra jokatuz eta sailkatuz», adierazi du Andrew Mehrtens All Blacks-en irekitzaile ohiak. Frantziako oilarrak «indioilar» deitu ditu Aucklandeko egunkari nagusiak. Frantzia irrigarri eta etxeko taldea munduko txapeldun ikusten dute jada Zeelanda Berrikoek. Argi, hala ere, frantziarrak zerbait izatekotan harroak baitira, eta kritikek haien barneko harra elikatuko baitute. Azken predikua bota arte meza ez denez bukatzen, igandeko emaitzaren zain egon beharko dute Zeelanda Berrikoek Frantziaren miraria oztopatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.