Real Sociedad de Futbolek jakinarazi du, gaur, beste 47 lagunek izena eman eta 25.000 bazkideren langa gainditu duela.
Lehen Mailara itzultzea sekulako pizgarria izan da bazkideak lortzeko garaian, baina taldeak egin dituen fitxaketek ere izan dute zeresana. Llorente aurkeztu zuten egunean gora egin zuen bazkide berrien kopuruak, eta Tamudo aurkeztu eta hurrengo egunean 134 pertsonek eman zuten izena.
2007ko ekainaren 17an galdu zuen maila Realak. 20.300 bazkide zituen egun hartan talde txuri-urdinak. Bigarren Mailan egin zituen hiru denboraldietan, ordea, Realeko bazkideen kopuruak ez zuen behera egin, eta azken denboraldian goraka hasi zen nabarmen. Joan den urteko irailean 20.400 bazkide inguru zituen taldeak, eta igoera lortu zuenean 21.535 zituen. Denboraldiko azken bost edo hiru partidetarako salgai jarri ziren bonu bereziei esker, ordea, 22.006an gelditu zen bazkide kopurua.
Uztailaren 5ean jarri zuen talde txuri-urdinak bazkideak lortzeko kanpaina abian, eta sekulakoa izan zen harrera. Bost lanegunetan bakarrik, 743 lagunek eman zuten izena Realaren bulegoetan. 247 lagun bazkide egin ziren lehen egunean, 175 bigarrenean, 124 hirugarrenean... Batez beste, ehun bazkide lortu ditu Realak kanpaina abian jarri zuenetik.
Behin bakarrik izan ditu Realak horrenbeste bazkide: 2005eko abuztuan. 25.697 zituen orduan, baina urte amaieran bazkide izatearen truke ordaindu beharreko diru kopurua asko igo zuen orduko Administrazio Kontseiluak (Denonerreala), eta 3.455 lagunek bazkide izateari utzi zioten. 22.242 bazkiderekin gelditu zen talde txuri-urdina, eta kopuru hori gainditu egin da oraingoan.
Futbola
25.000 bazkide baino gehiago ditu Realak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu