2.800

Antzinako Olinpiar Jokoak K. a. 776 urtean hasi ziren jokatzen, eta 393. urtera arte iraun zuten; orain bezala, lau urtean behin egiten zituzten, baina ez zuten ia antzekotasunik egungoekin

Julen Etxeberria.
2004ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Aro Modernoko 28. Olinpiar Jokoak ostiralean hasiko dira, Atenasen. Aro modernokoak, Olinpiar Jokoen historia ez baita mugatzen bakarrik azken 108 urteetara. Historia luzea dute, 2.800 urtekoa. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, ez dago ezer argirik Olinpiar Jokoen sorreraren inguruan. Hamaika teoria daude, hamaika sorleku: Pisa (Peloponesoko antzinako hiriburua), Kretako uhartea, Alfeoko ibarra, Anatoliako penintsula (Turkia)É Ustezko sustatzaileen zerrenda ere ez da makala: Zeus jainkoa, Elidako Augias erregea, Pisako Pelope erregeaÉ Teoriak teoria eta usteak uste, antzinako Olinpiar Jokoek eta egungoekoso antzekotasun gutxi dituzte, horixe da argi dagoen bakarra.

Maiztasuna da antzinako Olinpiar Jokoek eta egungoek komuna duten ezaugarri urrietako bat: gaur egun bezala, antzinean ere lau urtean behin jokatzen zituzten 211. urteko Jokoak dira salbuespena, atzeratu egin baitziren. Araudia, aldiz, oso bestelakoa zen. Parte-hartzeari dagokionez, zorrotza zen oso, baztertzailea erabat. Honako hau zen parte-hartzaileen soslaia: gizonezkoa, greziarra, askea, seme legitimoa, eskubide zibilen jabe eta hilketa edo antzeko ekintzetan parte hartutakoa ez izatea. Perfekzioaren eredu greziarrak ziprizten zuen dena.Udaberrian jokatzen ziren, eta bost egun irauten zuten. Orain bezala, lehen eta azken eguna inauguraziorako eta amaiera ekitaldirako zeuden gordeta. Beste hiru egunetan lehia zen nagusi, lehia bizia. Gazteak, 18 urtez azpikoak, ziren lehenak lanean hasten. Haiena zen Olinpiar Jokoen bigarren eguna. Hirugarren egunean hasten zen benetako lehia. Atletek zaldi lasterketetan eta atletismoko probetan hartzen zuten parte. Laugarrena zen, agian, egun handiena. Borroken txanda zen, gizon indartsuenen txanda.

Irabazleak, heroi moduan

VII. Olinpiar Jokoetan eman zieten lehen aldiz olibondo koroa olinpiar txapeldunei. Ez zen kasualitatea izan. Olinpia hiriko zuhaitz kutunena da olibondoa. Historia berezia du: Heraklesek ekarri zituen olibondo haziak, hiperboreen lurraldetatik. Mesinako Daklasek izan zuen sari preziatua buru gainean jasotzeko ohorea. Irabazleak koroa jasotzen zuen unea zen eguneko une nagusia, hunkigarriena. Ez zen ekitaldi hutsa, heroien eskura bakarrik zegoen saria baizik.

Baina Olinpiar Jokoak ez ziren bakarrik kirol ekitaldia. Kirolaz gaindiko ekitaldia ziren. Lehiak irauten zuen bitartean, Atenasek gainezka egiten zuen. Hamaika ekitaldi egiten ziren, hiriko txoko eta bazter guztietan. Dantza, musika, poesiaÉ Munduaren erdigunea bilakatzen zen Greziako hiriburua.Datuak bat datoz: Koreibos sukaldari greziarra izan zen lehen olinpiar txapelduna. Stadion proba irabazi zuen, abiadura lasterketa, K.a. 776 urtean. Jainkoen parean jarri zuten. Orduko ohore gorenak jaso zituen, eta lehentasunezko tratua jaso zuen aurrerantzean Etimanto mendian ehortzi zuten, heroi moduan. Azken olinpiar txapelduna, aldiz, Varazdat armeniarra izan bide zen. 393. urtean izan zen garaile. Hortxe amaitu ziren Olinpiar Jokoak. Erromaren goraldiak Greziaren gainbehera ekarri zuen, eta, ondorioz, Olinpiar Jokoen amaiera. Sua ez itzaltzeko saioak izan ziren, baina alferrik. 426. urtean Teodosio I.a enperadore erromatarrak, dekretu baten bidez, Olinpiar Jokoak galarazi zituen behin betiko. Ez zegoen atzera bueltarik. Akabo 1.169 urteko historia. Akabo 293 Olinpiar Jokoak. Olinpiar sua itzali zen. 1.470 urte pasatu behar izan ziren Pierre de Fredi Coubertineko baroiak olinpiar sua berriz piztu zuen arte.

-

Antzinako Olinpiar Jokoetako hamabi probak



Hamabi ziren antzinako Olinpiar Jokoetan jokatzen ziren probak.

1. 'Stadion'. Abiadura proba zen. Olinpiar Jokoen jatorri zen. Atletek 200 metro inguru korritu behar zituzten (192,27 metro), estadioaren luzera. Irabazleak izena ematen zien Olinpiar Jokoei.

2. Diaulos. Egungo 400 metrokoen antzekoa zen. Joan-etorri lasterketa bat zen, estadioan. Antzinako XIV. Olinpiar Jokoetan jokatu zen lehen aldiz.

3. Doliko. Erresistentzia lasterketa zen. Hasieran zortzi estadioko ibilbidea zuen (1.500 metro). 24 estadiora luzatu zuten gero (4.500 metro). Antzinako XV. Olinpiar Jokoetan jokatu zen lehen aldiz.

4. Xabalina. Pinu, hagin edo olibondoz eginiko lantza zen. Albo bat burdinazkoa zuen, eta erdian uhal bat, bultzada handitzeko (amentum).

5. Disko jaurtiketa. Egungoaren oso antzekoa. Hasieran diskoa harrizkoa zen, kobrezkoa gero.

6. Luzera jauzia edo 'skamma'. Pisu (haltera) batzuekin egiten zen. Eskuetan pisu bana hartuta egiten zuten salto, airean distantzia handiagoa egiteko.

7. Borroka. Egungoaren antzekoa. Irabazteko, aurkaria hiru aldiz bizkarrez etzan behar zegoen. Antzinako XIII. Olinpiar Jokoetan jokatu zen lehen aldiz.

8. Boxeoa edo 'pugilato'. Hasieran eskumutur biluziekin jokatzen zen. Hainbat saio jokatzen ziren, eta boxeolarietako batek amore eman edo jokoz kanpo geratu arte irauten zuen. Urteekin boxeolariak larruzko uhalekin hasi ziren estaltzen eskumuturrak. XXIII. Olinpiar Jokoetan jokatu zen lehen aldiz.

9. Pentatloia. Egungo dekatloiaren aurrekoa. Bost proba ziren: stadion, luzera jauzia, disko jaurtiketa, xabalina eta borroka. Irabazleak estimu eta ospe handia lortzen zuen, perfekzioaren eredu greziarrera hurbiltzen baitzen.

10. 'Pankration'. Borroka bat zen. Bi debeku bakarrik zeuden: ezin zen kosk egin eta ezin zitzaizkion aurkariari hatzak begietan sartu. Batek amore eman edo hiltzen zenean amaitzen zen borroka. Antzinako XXXII. Olinpiar Jokoetan jokatu zen lehen aldiz.

11. 'Hoplitodromo'Azken egunean jokatzen zen, armak erabiltzen zirelako. Borroka bat zen, buruz buruko bat. Lasterka egiten zen, eta borrokalariak ezkutu eta kasket batekin babesten ziren.

12. Zaldi lasterketak edo koadrigakOnespen handia zuten. Parte-hartzaileek 12 itzuli eman behar zizkioten zalditegiari, lau zaldik tiratutako bi gurpileko gurdian. Helmuga zeharkatzen zuen lehen zaldia zen irabazlea, gainean zaldizkoa joan edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.