Aurreko urtearen bukaera aldera ondo aritu zen Athletic Espainiako Ligan, sailkapenean erdialdera jauzi eginez, baina gaur galdu egin du berriro, 18. jardunaldiko partidan: 3-1 nagusitu zaio Levante.
Athleticek bikain ekin dio, dena dela, neurketari, 6. minutuan Adurizek 0-1eko gola sartu baitu, buruz, kontrarioari aurre hartuta. Denboraldiko 11. gola du Ligan. Levantek banakoa lortu du 26.ean, eta 43. minutuan jokaldi erabakigarria gertatu da: Laporte Athleticeko zentralari txartel gorria atera dio epaileak, area parean aurkari bati falta egiteagatik. Handik bi minutura heldu da 2-1ekoa.
61 eta 64. minutuetan Adurizek bi gol aukera on eduki ditu eskubialdetik —Athleticen hark baino ez du sortzen arriskua kasik—, baina Munuak gelditu egin dizkio jaurtiketak. Berehala iritsi da partida erabakita utzi zuen gola, 3-1ekoa.
Athleticek 21 punturekin segitzen du. Levantek 30 ditu orain —Europako Ligako postuetan da—.
Levante: Munua; Lell, Ballesteros, Navarro, Juanfran (Nikos, 68m); Diop, Iborra (Juanlu, 83m), El Zhar, Michel, Ruben; Roger (Angel, 72m).
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Laporte, De Marcos; Gurpegi, Herrera; Susaeta, Muniain (Amorebieta, 45m), Ibai Gomez (Igor Martinez, 64m); Aduriz (Llorente, 76m).
Golak: 0-1: Aduriz (6m). 1-1: Chris (26m). 2-1: Iborra (45m). 3-1: El Zhar (69m).