Behobia-Donostia

33.379 korrikalarik eman dute izena Behobia-Donostian

100 urte bete ditu lasterketak, eta Haile Gebrselassie izango da gonbidatu berezia.

Behobia-Donostia lasterketaren prentsaurrekoa. JUAN CARLOS RUIZ
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 5a
07:25
Entzun

Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa, eta historiako bigarren izen ematerik handiena izan da: 33.379 korrikalari, hain zuzen. Horrela, seigarrenez gainditu da 30.000 parte hartzaileen muga. Mendeurrenaren ospakizunak “eragina” izan dezakeela onartu du Iñigo Etxeberria lasterketaren koordinatzaileak. Horrez gain, geroz eta gehiago dira Gipuzkoatik kanpo parte hartzen duten lasterkariak.

Proba irabazteko ahala dutenen artean, hainbat hautagai faborito daude. Hala, emakumezkoetan, Aroa Merinok berriro hartuko du parte. Azken hiru edizioetako irabazlea izan da, eta azken lasterketan errekorra ere ezarri zuen; ordubete, bederatzi minutu eta 41 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Gizonezkoetan, berriz, ez du parte hartuko Jaume Leiva joan den urteko irabazleak, baina bai bigarren eta hirugarren sailkatuek: Iraitz Arrospidek eta Ivan Fernandezek, hurrenez hurren.

Urteurrena izateaz gain, badu berezitasunik aurtengo probak. Izan ere, Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin batera egingo da. Herritarrek bozkalekuetara iristeko arazorik ez izateko, bost saihesbide jarriko dituzte; bi Irunen eta hiru Donostian. Etxeberriak adierazi du herritarren laguntza “beharrezkoa” izango dela guztia ondo irteteko.

Haile Gebrselassie izango da aurtengo gonbidatu berezia; bi urrezko domina ditu Olinpiar Jokoetan. Hainbat ekintzatan hartuko du parte atleta etiopiarrak, eta, Arantza Rojo Fortuna Kirol Elkarteko Komunikazio arduradunak adierazi duenez, oraindik ez dakite lasterketan parte hartuko duen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.