Harlequins. Marler, Buchanan, Johnston; Kohn, Robson; Fa'asavalu, Robshaw (kap.), Easter; Care, Evans; Monye, Turner-Hall, Hopper, Williams; Brown.
Miarritze. Barcella, Hegi, Kodela; E. Lund, Dubarry; M. Lund (kap.), Lauret, Gray (Guyot, 35. min.); Lesgourgues, Peyrelongue; Brew, Haylett-Petty, Burotu, Ngwenya; Balshaw.
Markagailua. 7-0; 7-3; 10-3; 10-10; 10-13; 13-13 (atsed.)20-13; 23-13; 26-13; 33-13; 40-13.
Epailea. George Clancy. Txartel horia Miarritzeko Haylett-Pettyri
Miarritzek arratsalde zaila izan zuen, atzo, Londresko Twickenham auzoan. Bertako Harlequins taldearen indarraren eta perkusio fisikoaren aitzinean ezin izan zuen deus egin, eta alde handiarekin galdu zuen (40-13). Ingelesek azken minutuan sartutako entseguak, gainera, bost puntuko garaipena suposatu zuen. Final-laurdenetarako sailkapenari begira, operazio txarra egin zuen Miarritzek, Agileran erasoko puntuarekin irabazi beharko baitu lehen postuan bukatzeko.
Markagailuan izan zen aldearengatik, Euskal Herrikoak haien multzoko azken postuan daude. Bigarren zatian anitz sufritu arren, dena ez zen txarra izan atzoko partidan, eta Miarritzek esperantzarako zantzu batzuk atzematen ahalko ditu Londresko norgehiagokatik.
Lehen zatian, Miarritze nor baino nor izan zen Harlequinsen aurka. Bikain jardun zen Dannie Carek partida hasieran entsegua sartu arren; ez zen kikildu. Harlequinsen hasierako oldarraldia baretzen utzi zuen, eta partidari itzulia eman zion, 3-10 gibeletik zegoela. Jokalari bat gutxiagorekin, Hegik entsegua sartu zuen. Milafrangako aztalkariak ederki bururatu zuen miarriztarren dortoka bikaina. Lehen zatia berdinduta bukatu zuten bi taldeek (13-13), eta atsedenaldian Miarritze partidan sartuta zegoen.
Bigarren zatiko ezina
Bigarren zatian, ordea, Harlequins nagusi izan zen burutik buru. Uztartze on baten ondotik, Carek baloia dinamizatu zuen, eta Buchananek entsegua sartu zuen. Harlequinsek min egin zion Miarritzeri, Easter, Robshaw eta Fa'avasaluren giharrei esker. Beste erasoaldi batean, Turner-Hallek ingelesen hirugarren entsegua egin zuen: 33-13.
Partida bukaeran, Harlequinsek agintzen jarraitu zuen. Dannie Carek, beste behin, sua piztu zuen, eta azken jokaldian erasoko puntua sartu zuen Harlequinsek. Uztartze erdi ingelesak bere distiraren zantzuak utzi zituen, Miarritze nora ezean utziz.
Harlequins 40. Miarritze 13
40 minutu soberan
Miarritzek 27-0ekoa jaso du bigarren zatian, eta erasoko puntu eta guzti galdu du Harlequinsen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu