Harrigarria bada ere, igandean eta astelehenean, bi egunez jarraian partidak zituen Mikel Goñik. Harrigarria diogu Lau t'erdiko Txapelketan bere lehen partida jokatu baino bost egun lehenago (atzo) Tolosako Beotibarren aritzekoa zelako Lekunberrin minik hartu ez balu. Pilotariak txapelketako partiden bezperan ere pilotan jokatzea erabakitzen du askotan, egun askoko atsedena gehiegizkoa iruditzen zaiolako askotan, eta pilotalekuan tokia galduko ote duen beldurrez. Beste askotan, ordea, enpresa bera izaten da antzeko erabakiak hartzen dituena eta bi egunez jarraian Lekunberrin eta Tolosan programatzen duena, Oronozko aurrelariaren deiari erantzunez frontoiak beste itxura bat izango duela jakinda. «Interesatzen zaienean partidaz kargatzen dute, eta hurrena, berriz, isuna jarri gaizki portatzen delako». Joxean Tolosak berriki egindako adierazpenak dira.
Aduktorean kolpe handia
Iruñeko San Miguel erietxean egin zioten atzo arratsaldean erresonantzia Mikel Goñiri. Haragi-etenik ez duela, eskuin hankako aduktorean kolpe handia duela eta muskulua behartuta daukala dio medikuaren oharrak. Atzo bertan jarri zioten medikuek tratamendua: elektroterapia, hotza, ultrasoinuak eta masajeak. Printzipioz, ez luke arazorik izan behar Juantxo Kokaren kontra aritzeko. 48 orduko atsedena agindu diote medikuek eta bihar bertan dute pilota aukeraketa, Zarautzen (12:30). Bigarren jardunaldiko beste pilota aukeraketa ere bihar izango da. Irunen jokatuko dute Ruben Belokik eta Sebastien Gonzalezek, ostiralean (22:30, ETB1), eta bihar aukeratuko dituzte pilotak (17:00). Titin III.a-Armendariz eta Eugi-Tirapu dira jardunaldiko beste partidak. Haron jokatuko da lehenengoa, igandean, eta ostegunean da pilota aukeraketa (12:00). Tolosan jokatuko da bigarrena, eta ostegunean da pilota aukeraketa (16:30).
Tolosan bertan jokatu zen atzoko jaialdi nagusia. Xala-Galarza VI.ak irabazi zuten, aise, Agirre-Elkororen kontra (10-22). Goñi II.aren ordez jokatu zuen Xalak eta nabarmentzekoa da berriro Xabier Galarza bizkaitarrak atzeko koadroetan emandako maila.
z Datua
Aspek pilotari bat du finalerdietan:Aspe enpresak sartu du jada pilotari bat finalerdietako ligaxkan. Izan ere, Miguel Capellan eta Juan Martinez de Irujo enpresakideak elkarren kontra arituko dira final-zortzirenetan, eta partida horretako irabazleak Abel Barriola Aspekoa izango du zain finalerdietako txartela nork lortuko.