Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egin du beste behin euskal selekzioak jokatuko duen partidaren harira. 18:30ean abiatu da taldeak deitutako manifestazioa, Bilboko Areatzan hasi eta San Mameseraino.
Jendetza bildu da manifestazioan, gazteak gehienak. Aitor Zabaleta Realeko zalea zenaren aldeko oihuak egin dituzte, besteak beste.
Aurtengoan ez dute txosnarik, ez jairik antolatuko. Ofizialtasunaren aldarrikapena "kirolaren praktika osasuntsu baten bitartez" egin nahi du ESAITek. Izan ere, egunak hartu duen garrantziarekin arduratuta dago iritzi taldea, "mozkor egun eta seriotasunik gabeko jai erraldoi bat" bilakatu baita.
Eguerdian, berriz, Pagasarri mendiaren tontorrera heldu da aldarria. Han ofizialtasunaren aldeko herri argazkia aterako dute.