Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

54 urte geroago, finalak Bilbora itzuliko dira gaur

Olaizola II.a eta Begino dira faborito apustuetan: 100-60ri; baina aurkariak sasoi bikainean daude

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bilbon, pilota profesionaleko final bat jokatuko du gaur, 54 urte geroago (17:00, ETB1). Aimar Olaizolak eta Aritz Beginok Yves Salaberri Xala-ren eta Mikel Beroizen aurka jokatuko dute, Bizkaia pilotaleku berrian. Apustuek Asegarcekoak jotzen dituzte faborito: 100-60ri; baina pronostikoa ez da erraza; aurkariak sasoi betean daude. Xala, txapelketako pilotari onena izan da, eta Beroiz bikaina aritu da jokaturiko azken enpresa partidetan —Abel Barriolaren ordez ariko da—.

Garcia Ariño I.ak buruz buruko finala Arriaran II.ari22-11 irabazi zionetik ez da finalik jokatu Bilbon. 1957an izan zen hura, eta Deportivon altxatu zituen besoak Axpeko pilotariak. Denbora asko igaro da, eta partidak ikusmin handia sortu du. Pilotalekuko 3.000 eserlekuak berehala saldu ziren bere garaian. Beroizek azken egunetan komeriak izan ditu Barriolak emaniko sarrerak saltzeko, baina, hala ere, pilotalekua bete egingo da.

Pilotariei dagokienez, bi atzelarientzat Lehen Mailako aurreneko finala da. Aurrelariak, berriz, zailduagoak daude. Xalak binakako hiru jokatu eta irabazi ditu. Olaizola II.ak hiru jokatu ditu, eta bakarra irabazi; 2008an, Mendizabal II.arekin batera. Bi bikote hauek hiru aldiz neurtu dituzte indarrak txapelketan, baina ez dira oso erreferentzia baliagarriak, ordukoetan Xalak beste atzelari bat zuelako. Zabaleta ordezkoarekin irabazi zuen hiru partidetako bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.