Giro bitxia dario Zeelanda Berriko hiriburu ekonomikoa den Aucklandi. Hilabete pasatxoko txapelketaren ondotik, Zeelanda Berriaren eta Frantziaren arteko Munduko Kopako finalaren lekuko izanen da hango Eden Park estadioa. Zeelanda Berri osoan, lehen ministrotik hasi eta karrika izkinako neska-mutikora arte, begi guztiak Eden Parkera begira daude. Denen ahotan bi hitz baizik ez daude: All Blacks. Zer egingo dute All Blacks-ek ? Herriari ohore egiteko eta Zeelanda Berriko historiari gorazarre egiteko gai izanen dira? 24 urteren ondotik, ekarriko al dute kopa etxera?
Ozeaniako uhartedian erligioaren pare dago errugbia. Etxean jokatutako Munduko Kopan garaipenak bakarrik balio du. 1987an Zeelanda Berrian jokatu zen historiako lehen Munduko Kopa. Orduan, etxeko All Blacks-ak izan ziren garaile. John Kirwanek, garaiko hegalekoak, Zeelanda Berrikoen izpiritua laburbildu du: «Argi geneukan misio bat bete behar genuela. Elastiko beltzaren historiaren neurrian egon behar genuen. Herri oso batek ezarritako itxaropenei erantzun behar genien. Garaitzeko programatuta geunden».
Kirwanek aipatutako garaietatik 24 urte pasatu dira. Orduko Kirwan, Fox, Fitzpatrick eta abarren lekukoa Mc Caw, Thorn eta Mulianak hartu dute. Elastiko beltzekoen gain dagoen pisua, ordea, lehengo berbera da. 2011ko All Blacks-ak misioan daude, haien aitzindariak bezala. 1987ko garaipenaz geroztik, Munduko Kopak ihes egin die. Irabazteko eguna iritsi zaie. Etxeko zale guztiei poz handia emateko eguna iritsi zaie. Irabazteko programatuta dago Zeelanda Berria.
Misio horren aurrean zer egin dezake Frantziak, finaleko aurkariak? Zeelanda Berrian etxeko taldearen garaipena «izorratzea» ez da inoren gidoian sartzen. Zeelanda Berriko prentsak bereak eta bi bota dizkio Frantziako selekzioari. Merezi gabe sailkatu dela finalera, joko zikina erabili duela, ahul dagoela...
Frantziako selekzioa izan da Munduko Kopan Zeelanda Berriaren borrero nagusia. 1999an eta 2007an hark kanporatu zuen txapelketatik. Bietan, sekulako kolpea izan zen All Blacks-entzat. Geroztik, halako ezinikusia sortzen dio Frantziak Zeelanda Berriko herriari. Lehen fasean 37-17 irabazi zion Zeelanda Berriak Frantziari. Munduko Kopako egutegia atera zelarik, finala Frantziaren aurka jokatzea izan zen zeelandaberritar gehienen isilpeko ametsa. Modu horretan, 2011ko Munduko Kopako final handia irabazita, azken porrotetako ordaina eman nahi zion.
Frantzia modu gazi-gozoan iritsi da finalera. Hasierako fasean bi partida galduta sailkatu zen, eta finalerdietan, Galesi modu txikian irabazi zion (8-9). Harrokeria gutxirako dago Frantzia. Hala ere, baditu oinarri zenbait. Aitzinean fisiko indartsua dauka, Pape, Nallet eta antzeko jokalariekin. Defentsan ere oso ongi antolatuta dago, eta ostikadetan lasai egoteko moduko bikotea dauka Parra eta Yachvilirekin.
Zeelanda Berria da faborito nagusia, baina Frantziarekin ezin da inoiz jakin, eta sorpresa eman dezake. Goi mailan iraunkorrak izateko ezin hori da Frantziako selekzioaren oker handiena. Aldi berean, iraunkortasun falta horrek osatzen du Frantziaren gatza eta piperra. Bere kontrarioak, usu, nora ezean uzten ditu Frantziak: «Oso talde arriskutsua da denek galtzailetzat dutelarik», dio Daniel Carterrek, Top14an sei hilabetez ari zen Zeelanda Berriko irekitzaileak. «Frantziari irabazi genion lehen fasean, baina uste dut txapelduna izanen dela. Egia erran, ezin da inoiz jakin frantses horiekin» dio, bestalde, Isitolo Makak, Tolosako jokalari ohiak eta Tonga uharteetako hautatzaileak.
Imanol Hariñordoki, zutabea
Imanol Hariñordoki garaztarra izanen da oilarraren hamabostekoan pisuzko jokalarietako bat. 31 urterekin, Frantziako historian selekzioarekin partida gehien jokatu duen bederatzigarren jokalaria da (76 partida). Munduko Kopan ere selekzioko liderretarik bat da.
Hariñordokik eskarmentu handia du, 2003ko eta 2007ko Munduko Kopak ere jokatu zituelako. Gorabehera asko izan du Marc Lievremont hautatzailearekin. Azken horrek bi partidatan ordezkoekin ezarri zuen: «Imanol oso ongi ezagutzen dut. Banekien aulkian utzita bere harrokeria xaxatuko nuela. Ingalaterraren aurka berriz ezarri nuen hasieratik, eta sekulako partida egin zuen», azaldu du Frantziako hautatzaileak.
Ingalaterraren kontrako final-laurdenaz geroztik, taldeko liderra da Hariñordoki. Finalaren atarian, bere analisia eman du: «Usu gure etsai handiena gu geu izaten gara. Onenak izateko gai gara, baina txarrenek bezala jokatzen ere badakigu... Final hau aukera historikoa da, eta ez dugu hutsik egin beharko».
Gaurkoa ez da euskaldun bat Munduko Kopako finalean izanen den lehen aldia, 1987an Paxkal Ondarts Miarritzeko harroina taldean zegoelako. Hala ere, irabaziz gero, Hariñordoki litzateke Munduko Kopa irabazi duen lehen euskalduna. Orain arteko ibilbide bikaina biribilduko luke garaztarrak. Gauza bat dago argi: galtzaile edo irabazle izan, oso gustura hartuko du Miarritzek Hariñordoki.
Errugbia. Munduko Kopako finala
80 minutura dago paradisua
Zeelanda Berria da gaurko Munduko Kopako finala irabazteko hautagai argia, baina Frantziak aitzinean dauka indarraImanol Hariñordoki garaztarra izanen da finaleko euskal ordezkari bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu