Euskal Herriko 830 kirolarik ere kirol selekzioak ‘Euskal Herria’ izena eduki behar duela iritzi diote. Horren alde daude. Hala, 165 euskal futbolarik eta futbolarik ohik azaroaren 13an plazaratu zuten agiriari “babes osoa” agertu diote. Modalitate ezberdineko kirolariek sinatu dute idatzia.
“Futbolarien arrazoi eta erabakiarekin bat egin eta gure egiten dugu, eta Euskadiko Futbol Federazioari Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko bidean atzerapausorik ez emateko eskatzen diogu”, diote euskal kirolariek.
Abenduaren 23an da izatekoa euskal selekzioaren eta Irangoaren arteko lagunarteko futbol partida, Bilbon, eta neurketa antola dezala eskatu diote EAEko Futbol Federazioari, baina ‘Euskal Herria’ izenarekin.
Iaz jokatu zuten lehen aldiz izen horrekin partida, baina aurten EAEko Federazioak erabaki du atzera ‘Euskadi’ ipintzea. Futbolariek agirian zioten izen horrekin ez dutela jokatuko, ‘Euskal Herria’-rekin baino ez direla ariko. “EAEko selekzio bat osatu nahi dute”, esan zuten.
Futbol jokalariek bezala, beste euskal kirolariek uste dute “presioak” egon direla izena aldatzeko. Gainera, eztabaida ez desitxuratzeko eskatu dute. Izan ere, “batzuk agiriaren mamiari heldu beharrean, eztabaida izenaren kontura soilik bideratu nahi izana salatzen dugu”. Lehengo astean EAEko kirol federazioetako hainbat buru azaldu ziren futbolariaren agiriaren aurka.
Euskal Herriarekin txapelketa ofizialetan parte hartzeko “konpromisoa” agertu dute kirolariek. “Horretarako, Euskal Herriko kirolari guztiok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu. Ez goaz inoren aurka, ez goaz inori ezer kentzera, dagokiguna aldarrikatu eta garena izan nahi dugu, ez besterik. Badakigu, bide luzea dugu egiteko; oztopo asko gainditzeko; izerdi asko botatzeko; horregatik, ez diezaiogun geure buruari mugarik jarri, ez dezagun atzera egin. Asko gara aurrera egin nahi dugunak, indarrak bildu eta egin dezagun aurrera!”.
Kirola
800 euskal kirolari pasa ere selekzioarentzat ‘Euskal Herria’ izenaren alde agertu dira
165 futbolariren agiriari “babes osoa” agertu diote. “Euskadiko Futbol Federazioari Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko bidean atzerapausorik ez emateko eskatzen diogu”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu