Euroligako lehen ligaxkako aurreneko itzuliko azken jardunaldia hasi aurretik garbi samar ziruditen gauzak, baina bost partidak bukatuta, sekulako parekotasuna dago A multzoan. Garaipen bakarraren tartearekin daude sei taldeak, eta esatea sobera, ligaxka bukatzeko bost jardunaldiren faltan, denek dute sailkatzeko aukera. Hainbesteko parekotasunarekin nahiko zaila da Top16a jokatzeko zenbat garaipen beharko diren zehaztea, baina bostean egon liteke langa. Laurekin ere bakarren bat sailka daiteke.
Caja Laboral da multzoko liderra, herenegun Gasteizen Gescrap Bizkaiaren aurka galduta ere. 3-2 da bere balantzea, baina egutegi bihurri samarra dauka: Atenas, Cantu eta Miribilla etxetik urrun —ligaxkako azken partida abenduaren 21 edo 22an jokatuko da—, eta Fenerbahce eta Nancy etxean, aurrera atera beharreko bi partida, bai edo bai. Bizkaiak ere ez du lan errazik, baina herenegun dena beltza ikusten zuen, eta bigarren garaipena lortuta, argi printza batzuk sumatzen ditu. Atenasen ariko da datorren astean, eta ondoren bi partida jokatuko ditu jarraian etxean: Nancy eta Cantu, azken bidaia Istanbulera egiteko. Erne aldeko eta kontrako puntuen balantzearekin, zeresana eduki dezaketelako. Gaur milaka dira konbinazioak, baina gutxituko dira.
A multzoa ezin parekatuagoa dago, eta denek dute Top16a jokatzeko aukera
Caja Laboralek partidaren bat irabazten saiatu behar du Atenas, Cantu edo Bilbon; Gescrapek hiru jokatuko ditu Miribillan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu