A zer parea! Dmitri Piterman eta Manuel Ruiz de Lopera, Alaveseko eta Betiseko presidenteak, hurrenez hurren. Ezin esan, ordea, karakola eta barea direnik, oilarra baino tenteagoak direlako biak. Espainiako Ligako presidenteen artean hitzontzienak dira nola ukrainarra hala espainiarra. Bai, egia da hori. Polemikoak dira. Baita hitzontzikeria horren eraginez behar direnak eta behar ez direnak botatzen dituztelako ere. Zalapartariak ere badira, neurri berean, bazterrak nahasten iaioak direlako. Baina, eroak dira, batez ere, desagertzeko zorian zeuden bi talde hartu, eta beren diru inbertsioari esker biziraute bidean jarri zituztelako. Halere, Betis eta Alaves azkena eta azkenaurrekoa dira sailkapenean, 12 punturekin, 16 jardunaldi jokatu ondoren. Biek indarrak neurtuko dituzte gaur Manuel Ruiz de Lopera zelaian. A zer parea! Batzuen ustez, final baten modukoa da gaurko lehia. Ez da hainbesterainokoa izango, Liga amaitzeko beste 21 partida gelditzen direnean.
Baina futbolean, edozein tontokeria puzten da. Areago, tontokeria horien iturburuan Lopera edota Piterman baldin badaude. Aurrenekoa 1992tik da Betiseko nagusia. Azken hamahiru urteetan sekulakoak bota ditu. Liskarretan trebea, ia mundu guztiarekin izan du tirabiraren bat edo beste: Luis Cuervas Sevillako presidente zenarekin (nola ez bada!), futbolarien bitartekariekin (antologikoa orain urte batzuk emandako prentsaurreko batean botatakoak), Sevillako enpresaburuekin, epaileekin, beste taldeetako presidenteekin... Ikuskizun paregabea izaten da prentsaurrekoetan ikustea: tente-tente eta mikrofonoa, ito beharrean, eskuineko eskuarekin estutzen duela. Betiseko zaleek jainkoaren pare daukate Ruiz de Lopera. Zelaiaren kanpoaldean ere brontzezko bere busto bat jarri zuten. Baina emaitzak txarrak direnean, muturrak belztu bezala mikazten da giroa. Txapeldunen Ligako ligaxkako azken jardunaldian 0-1 galdu zuen Betisek Anderlechten aurka. Zaleek zera abestu zioten Loperari: «Jaitsi zelaira eta sartu ezazu gol bat!». Suminduta, aurtengo denboraldian bere izena daraman zelaiko besaulkian ez dela eseriko iragarri zuen. Taldea zulotik irteten baldin bada, baina, segituan puztuko da, berriro ere bere besaulkitik mundu guztia, gustura, agurtzeko.Presidente moduan denbora gutxiago eramanagatik, Piterman ez da kontu horietan atzean gelditzen den horietakoa. Aurrena Santanderren eta orain, berriz, Gasteizen. Udalarekin, kazetariekin, era guztietako batzordeekin, zaleekin, beste taldeetako jokalariekin... isilik egotea kostatzen zaio, protagonista, ororen zilborra izatea gustatzen baitzaio. Ronaldori, adibidez, «pailazo, mukizu» deitu zion, gol bat era xelebrean ospatzeagatik. Racingeko akziodunen batzar batean ere esaldi antologikoa bota zuen, bi akziodun bertan ez zirela baieztatzean: «Atzo harrapatutako mozkorraren ondoren, osatzen egongo dira, ziur».Bereak eta bi esango ditu Pitermanek, baina bere taldea azkenaurrekoa da eta zaleak aspertuta daude. Etxetik kanpo, erosoago dabilela eta, uzta bildu nahi du gaur Sevillan. Horretarako, orain bi jardunaldi Vicente Calderonen zelairatu zuen hamaikako itxurosoarekin probatuko du Chuchi Cosek gaur ere. Zalantza bakarra du: Neneri puntan lagunduko dion jokalaria hautatzea. Bodipo, Aloisi eta Jandro dira hautagaiak. Ruben Navarrok, bestalde, lesionatuta jarraitzen du, eta Gasteizen gelditu da bere egoera berean dauden Carreras, Gaspar, De Lucas, Arthuro eta Menarekin batera. Tellez ez da deialdian sartu. Aurkariaren egoera ere larri samarra da: bi hilabete baino gehiago daramatza, bederatzi partida guztira, Ligan irabazi gabe. Giro beroa espero da, hortaz.
A zer parea!
Eguberrietako oporraldiaren atarian, Betisek eta Alavesek azken postua dute gaur jokoan; bi presidenteak zaleen kritikak jasotzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu