Ez du berritasun asko, baina berri kutsu bat balu bezala dator. Donostiako Nazioarteko 27. Klasikoa jokatuko da gaur. Gipuzkoan barrena ohiko ibilbidea, Jaizkibelen gora ohiko eraso festa eta Bulebarrean ohiko helmuga. Horretan ez du berritasunik, baina elementu berriz josita datorrenaren itxura dauka. Frantziako Tourra amaitu eta bi astera jokatuko da lehen aldiz. Han aritutakoak izango dira Donostian gailentzeko hautagai nagusiak, abaila hartuta datoz guztiak, baina han gertatutakoak ditu jendeak gogoan han aritutakoak baino gehiago. Sasoiko probarik garrantzitsuenaren ostean jokatzen den proba garrantzitsuena izango da Donostiakoa, eta horregatik du kutsu berezi hori.
Ez da erraza puntako parte-hartzea bermatzea, ustez puntakoak ziren askoren parte-hartzerik gabe gelditu baita une honetan nazioarteko tropela. Pro Tour mailako talde guztiak ariko dira gaur Donostian, Astana kenduta -Vinokurovekin Tourrean gertatu denaren ostean abuztu osoa lehiatu gabe egiteko gonbita egin dio UCIk eta ez da iraila arte bueltatuko-. Eta Pro Tourreko talde horiekin batera, Karpin-Galicia, Fuerteventura eta Relax -horietatik asko, Espainiako Vuelta prestatzen ari diren txirrindulariekin-.
23 talde izango dira orotara. Urtero izaten da zaila hautagaien izenak ematea -iaz sekulako ezustekoa eman zuen Xavier Florencio kataluniarrak-, eta aurten oraindik zailagoa dirudi zeregin horrek. Frantziako Tourreko sailkapen nagusian lehen hamarren artean sartu diren bost txirrindulari izango dira gaur Bulebarreko irteeran: Carlos Sastre laugarren sailkatua (CSC), Haimar Zubeldia bosgarrena (Euskaltel-Euskadi), Alejandro Valverde seigarrena (Caisse D'Epargne), Kim Kirchen zazpigarrena (T-Mobile) eta Mikel Astarloza bederatzigarrena (Euskaltel-Euskadi). Egun bakarreko probetan trebatutakoen artean Alejandro Valverderen izena agertzen da besteen gainetik -Paolo Bettinik ez du parte hartuko, belaun batean tendinitisa daukalako-, eta Valverdek berak aitortu du sekula ez dela iritsi Donostiako klasikora horren sasoiko. Tourrean aritu ez diren arren, ordea, izaten dira sekula ahaztu ezin diren txirrindulariak, eta horien artean daude Davide Revellin Gerolsteinerrekoa, Damiano Cunego Lamprekoa eta Danilo Di Luca Liquigasekoa.
EUSKALTEL-EUSKADI, INDARTSU. Euskal txirrindulariak ere sasoiko iritsi dira Donostiako hitzordura. Euskaltel-Euskadi taldeak Zubeldia eta Astarloza sartu nahi ditu aurreko puntan, eta Jaizkibelen aritu dira entrenatzen joan den egunetan. Ahalegin berezia egin nahi dute Tourrean lortzerik izan ez duten etapa garaipen hori lortzeko, eta zaila, oso zaila, izango dela jakinda ere, han jaso duten babes guztia txukun jardunda nahi dute eskertu. Tourrean aritu zirenez gain, Samuel Sanchez ere ariko da. Vuelta ari da hura buru-belarri prestatzen, eta Donostiakoa primeran datorkion ibilbidea da. Tourretik bueltan eta aurrekoekin ibiltzeko moduan dira Patxi Vila Lamprekoa eta Juanma Garate Quick Stepekoa ere.
Iragarpenak egiteko azken lasterketak hartu ohi dira erreferentzia gisa, baina gero eta gutxiago balio dute horiek ere. Egun bakarreko probetan espezialista direnengana jotzea arriskutsua da, Jaizkibel tartean egoteak haien jarduna hankaz gora jartzen baitu askotan. Eta urrutitik ihes egindakoak Bulebarrean bakarrik sartzea ere ez da ohikoa izaten, arrazoi berberagatik. Ohikoena proba Jaizkibelen gora itxura hartzen hastea da, eta beheraka eta Gurutzen benetako kinielak egitea.
Iraganean egia da proba Jaizkibelen gora txikitzen zela, baina azken hamarkadetan ez da han eraso erabakigarririk gertatu. Jaizkibelek onenen tropela osatzeko galbahe lana egiten du, baina behin betikoa Hondarribitik Donostiarako bidean egin ohi da. Une horretatik aurrera, izan ere, zaila izaten da talde nagusientzat kontrol lana egitea. Eraso festa izaten da, eta ibilbidea bihurria izaten da inor estu hartzeko. Txirrindulari batek baino gehiagok aitortzen du Jaizkibelek min handia egiten duela, baina benetan mina Gurutzeko aldapak egiten duela, ordurako indarrak ahitzera bidean doazelako. Hura da bakarka iritsi nahi duenarentzat aurrera egiteko azken aukera. Gainontzean, Errenteriako irteerako aldapa eta helmugatik bertan dagoen Mirakruzeko gaina dira erasoa jotzeko eta esprinta bera edo iheskide azkarragoen jarduna saihesteko azken aukera. Azken urteetako irabazleei erreparatuta, ordea, Bulebarrean bakarrik helmugaratzea inor gutxiren eskura dagoen balentria dela ikusten da, eta ohikoena talde txiki baten esprinta izango litzateke, gaur ere.
Abaila hartuta
Tourra bukatu eta bi astera jokatuko da gaur, lehen aldiz, Donostiako klasikoa; han aritu zirenak dira hautagaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu