Iruñean 2-0 irabazi arren, Osasuna ez da fio Mallorcarekin, eta gol baten bila zelairatuko da
asier legarda-ereño
Iruñea
Nafarroako Erresuman alde polita lortu zuten joanekoan, baina gorritxoek ezin dute pentsatu dena eginda dagoela. Bi goleko aldea izatea garrantzitsua da, etxean golik jaso ez izana ere erabakigarria izan daiteke, baina erne zelairatu beharko dute Jose Angel Zigandaren mutilek gaur iluntzean. Laurogeita hamar minutuko lan ona hamar minututan aldrebestu daiteke futbolean, eta Espainiako Kopako final-zortzirenetan izan nahi badute, lo zelairatzerik ez dute Osasunako jokalariek. 3-0ekoa behar du, gutxienez, Mallorcak aurrera egiteko, eta arriskuak etxekoek hartu beharko dituzte. Osasunak, ordea, ezin du joaneko abantailari eustera soilik jokatu. Sasoi honetan inork ez dizkio hiru gol sartu Zigandaren taldeari, eta bide horri eusten ahalegindu behar dute gaur ere Mallorcan. Dena dela, sasoi honetan behin baino gehiagotan irabazi du Mallorcak etxean 0-2 galtzen hasi arren (Valladolid eta Getaferen aurka 4-2 nagusitu ziren, 0-2 galtzen hasita). Kanporaketa maldan behera dute, baina ez erabakita.
«Joanekoan lortutakoa emaitza ona da guretzat, baina Mallorcak golak sartzeko erraztasuna dauka. Ez goaz joaneko partidako emaitzarekin jokatzera, hasieratik jarriko dugun hamaikakoak ere argi uzten du ez goazela defendatzera soilik, erasoko jokalari asko ariko dira hasieratik, eta gol bat sartzea erabakigarria izan daitekeenez, asmo horrekin goaz. Dugun abantailari eustera soilik zelairatzea arriskutsuegia izango litzateke», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaile Jose Angel Zigandak. Abantaila polita dutela jakin arren, Larraintzarko entrenatzaileak ez du ezustekorik nahi.
HIRU ALDAKETA. Hasierako hamaikakoari dagokionez, joanekoan 2-0 nagusitu zen taldearen oinarriari eutsiko dio Zigandak. Ligan minutu gutxien jokatu dituztenen aldeko apustua egingo du entrenatzaileak oraingoan ere, beraz, baina joaneko lehiarekin alderatuz gero, hiru jokalari berri arituko dira: Josetxo, Erize eta Plasil hasieratik ariko dira gaur Ono Estadin, joanekoan Nafarroako Erresuman Miguel Flañok, Puñalek eta Oier Sanjurjok jokatu zuten tokietan. Josetxok ezin du jokatu igandean Murtzian, txartel pilaketagatik, eta horregatik ariko da hasieratik Kopan. Erize sartuz, Puñalek atseden hartu ahalko du, eta, joanekoan bigarren taldeko Oierrek lehen taldearekin partida ofizialean debuta egin zuen arren, gaur Plasil txekiarraren eskarmentuaren aldeko apustua egingo du Zigandak ezker hegalerako.
Ion Erize Osasunako jokalaria
«Gol batek lau gol sartzera behartzen ditu; horren bila zelairatu behar dugu»
A. L-E.Iruñea
Jokatzeko aukera askorik ez du izaten Ion Erizek, baina entrenatzaileak eskainitako aukera apurretan bikain erantzuten du beti burlatarrak. Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun jokatu zuen denboraldiko lehen partida hasieratik, eta Ligako liderraren zelaian argi erakutsi zuen gaztea izanagatik jokalari beteranoenen pare aritzeko moduko maila baduela. Gaur beste aukera bat izango du bere balioa erakusteko.
Eguberrietako etenaldiaren ostean, nola egingo diozue aurre Mallorcako lehiari?
Ondo gaude, lauzpabost egun atseden hartu eta gero berriro futbolean aritzeko gogoz gaude, eta lehiatzen hasi nahi dugu lehenbailehen.
Santiago Bernabeun egin zenuen partidaren ondotik edozertarako prest zaudela argi izango du Zigandak, ala?
Beno, nik badakit zein den nire eginkizuna Osasunan. Gaztea naiz, eta pazientzia izan behar dut. Horrexegatik, nire aukeraren zain lanean gogor jarraitzen dut, entrenatzaileak hala erabakitzen duenerako prest egotea baita nire lehentasuna. Aukeraren zain egoten badakit.
Joanekoan lortutako bi goleko aldearen erruz dena eginda dagoela pentsatzea arriskutsua izan daiteke, ezta?
Bai, oso arriskutsua da hori, eta horrexegatik, ezin dugu dena eginda dagoela pentsatu. Ezin dugu ergelkeriarik egin, gainontzean larrutik ordaindu dezakegu-eta. Mallorcak ez zuen bere mailarik onena erakutsi Nafarroako Erresuman, baina gauzak beste era batera egin nahiko dituzte orain. Partida serioa egin beharko dugu.
Gol bat sartzen baduzue alde ikaragarria izango zenukete.
Bai, eta horixe izango da gure helburua, hasieratik Mallorcaren bila zelairatu behar dugu, goian estutu eta Mallorcako jokalariak deseroso sentiarazi behar ditugu. Lehendabiziko minutuetan gol bat sartzea lortzen badugu, askoz partida lasaiagoa izan dezakegu, Mallorcakoek kanporaketa gainditzea ia ezinezkoa dela ikusiko baitute. Gure gol batek lau gol sartzera behartzen ditu; horren bila zelairatu behar dugu.
Mallorcan mendeku gosez izango dira, hargatik.
Gogotsu zelairatuko direla argi dago, Kopan zein Ligan mendean hartu genituen abenduan, eta mendeku-gosea ere izango dute.
Gregorio Manzanok kanporaketa gainditu nahi duela, eta jokalari onenak zelairatuko dituela dio.
Bai, azken urteetan argi ikusi da Espainiako Kopa asko gustatzen zaiola Gregorio Manzanori. Kanporaketari buelta emateko asmoz zelairatuko dira, seguru, baina gu ere prest izango gara.