Abendu gogorra dator

Baskoniak Prokomi irabazi behar dio gaur Gasteizen, Top 16rako sailkapena arriskuan jarri nahi ez badu

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Giro hotza dago Gasteizen. Zero azpitik hiru graduko iragarpena gaur goizerako, eta elurra goian behean. Giro hotzagoa dago Gdynian, Asseco Prokom taldearen hirian. -9ko hozberoa. Eta are hotzagoa Moskun, Errusiako hiriburuan: -22. Kanpoan hotz, eta barruan ere epeltasun handirik ez. Ez Gasteizen, ez Gdynian, ezta Moskun ere. Bai Baskonia, bai Prokom, baita Khimki ere espero baino okerrago ari dira, batez ere Baskonia eta Khimki, eta bietako bat Top 16 ligaxkatik at geratuko da ziur. Prokom ere bai, bigarren itzuli ikusgarria egiten ez badu.

Lau partida geratzen dira ligaxka bukatzeko, eta Baskoniak horietako hiru irabazi beharko ditu Top 16a jokatu nahi badu, kirol arloan muturreko handia jaso nahi ez badu. Lau partida galdu dituzte jarraian arabarrek Euroligan, lehen aldiz historia osoan, eta dagoeneko ez dauka huts gehiago egiteko tarterik. 2-4 balantzea kaskarra da oso, eta aurreko sasoietan gertatutakoak erakusten du Top 16ko langa 5-5 balantzean dagoela. Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeak hiru partida jokatuko ditu etxean, eta bakarra kanpoan, Kaunasen. Etxeko neurketa denak irabazi behar ditu bost garaipenak ziurtatzeko. Prokom da lehenengoa, Khimki hurrengo asteko ostegunean, eta Partizan abenduaren 22an edo 23an. Tartean Lituaniako partida dago.

Estutasunera ohitua dago Baskonia, baina ez abenduan, martxotik aurrera baizik. Taldea egokitzen ari delako pasatzen ari da komeriak, eta egokitzapen betean murgilduta ekin beharko dio sasoiko lehen une zailari. Itxuraz gaurkoa da, etxean jokatuko dituen hiru partiden artean, zailtasun gutxien duena. Prokomek partida bakarra irabazi du sei partidatan, eta mirari bat behar luke Top 16a jokatzeko. Kontua da aukera txikiren bat badutela, batez ere aurreko jardunaldian etxean Khimki menderatu ostean. Horretarako, Baskoniari irabazi behar dio Gasteizen, eta arabarrak bere onenean ez badaude ere, zeregin zaila dirudi horrek.

Batez ere Baskoniaren Poloniako garaipen erraza aintzat hartuta. Prokom ez da Zalgiris, ezta gutxiago ere, eta gauzak ondo, Baskoniak ez luke arazorik pasa behar Prokom gainditzeko. Garaipenaz gain, puntu aldea ere garrantzitsua izan liteke sailkapena erabakitzeko, eta behin garaipena lotuta, interesgarria litzateke ahalik eta puntu alde handiena lortzea.

Ivanovic haserre antzean mintzatu zen joan den igandean, Menorcaren aurka lortutako garaipenaren ostean. Ez du taldea ondo ikusten, tentsiorik gabe sarri, eta presa askorekin erasoan. «Arazoak sortuko dizkigu horrek, eta horiei irtenbidea bilatzeko tartea gero eta txikiagoa da». Ez da ohikoa Ivanovic bere jokalariei mezuak igortzen ikustea, baina egin du, eta egin badu zerbaitegatik da. Igandean botatako azkena, Baracen zenbaki onen harira: «Stankok partida guztietan jokatu behar du ondo, eta bere taldekide guztiek ere bai, batez ere partida zailetan». Ulertu nahi duenarentzat, asko ez direla neurri ona ematen ari, edo neurria ematen ari direnak partida errazetan ari direla ondo.

Mosku eta Kaunasera begira

A multzoko partida bat Gasteizen jokatuko da, baina beste biak Moskun eta Kaunasen, eta han gertatzen denari begiratzea komeni. Buesa Arenako partida hasterako jakingo du Baskoniak Khimki Partizan menderatzeko gai izan den edo ez. Moskuko emaitza biak dira onak arabarrentzat. Khimkik galtzen badu, laugarren postua ziurtatuko du Baskoniak, eta irabazten badu, garaipen bakarrera utzi Partizan. Bihar, Kaunasen, Maccabik irabaztea komeni, multzoko bigarren postuak behin-betiko ihes egin ez dezan.

BASKONIA-PROKOM

Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko zazpigarren jardunaldia.

Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Haislip, Musli, Barac, Garcia eta Buesa.

Asseco Prokom. Wilks, Ewing, Kitzinger, Videnov, J. R. Gibbens, Burrell, Szczotka, Witka, Hrycaniuk, Kostrzewsky, Jagla, Lapeta eta Varda.

Sailkapena. Baskonia laugarren da: 2-4 (+1); eta Prokom, seigarren: 1-5 (-63).

Lekua. Buesa Arena (9.763 ikusle).

Ordua. 20:30 (ETB1).

Beste partidak. Gaur, Khimki-Partizan (16:15); eta bihar, Zalgiris-Maccabi (18:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.