Bazkide konpromisarioen azken batzarrean agur hitzak izan zituen, eta orain baieztatu du. Josu Urrutia (Lekeitiko, Bizkaia, 1968) ez da berriz aurkeztuko Athleticeko presidente izateko hauteskundeetara: "Bihotzak eta buruak esan dit uzteko unea dela. Aurreko astean eman nion erabakiaren berri zuzendaritzari. Baina uste dut inor ez dela harritu. Ohore bat izan da kargu honetan egotea. Asebeteta eta eskertuta noa, eta naturaltasunez bizi dut agurra". Jakinarazi duenez, abenduaren 27rako deitu ditu bozak. "Ez dago inoiz data egokirik, baina zuhurtziaz eta zintzo jokatuta, klubarentzat onena dela uste dugu. Beti egin dugu horrela. Nahi ez duguna da hauteskundeen eragina ez izatea taldearen martxan". Berez datorren urteko udaberrian egitekoak ziren. Presidenteak ez du jakinarazi bere zuzendaritzako beste kideren bat bozetara aurkeztuko ote den. "Oso eskertuta nago haiek egindakoaz, eta uste osoa dut haiengan. Lehen baino prestatuago daude. Baina ni ez naiz inor hori eskatzeko. Nahi dudana da aurkezten den edonorren helburua izatea Athletic hobetzea ".
Urrutiak uste du zortzi urte kopuru egokia direla berak klubaren inguruan zuen ikuspegia eskaintzeko: "Lau, agian, gutxiegi dira, eta hamabi gehiegi. Nire eguneroko lanean onena ematen saiatu naiz, jokalari moduan egin nuen bezala. Kargua utzi arren, sekula ez naiz Athleticetik aldenduko, nire bizitza baita, eta nagoen lekutik laguntzen jarraitzen saituko naiz". Helburuak beteta ote doan galdetuta, ondorengoa erantzun du: "Momentu txarrak egon diren arren, sekula ez nuen usteko hain onak izango zirenik. Jokalari nintzenean hiruzpalau denboraldiro lortzen genuen Europarako sailkatzea, eta zortzi urte hauetan seitan lortu dugu. Bazkideek, gainera, gure kudeaketan sinetsi dute".
Hala, amaitutzat eman du zortzi urteko aroa. Izan ere, 1988 eta 20003 urteen artean jokalari moduan aritu ostean, 2011n talde zuri-gorriko presidente izendatu zuten, historiako 31.a. Laugarren jokalari ohia izan da, gainera, karguan Hauteskunde haietan ordura arteko presidenteari gailendu zitzaion, Fernando Garcia Macuari, botoen %54,36ekin. Hain zuzen ere, 12.057 bazkideren babesa jaso zuen. 2015. urtean berriz deitu zituen hauteskundeak, baina ez zen beste hautagairik egon.
Lau entrenatzaile, titulu bat
Urte hauetan lau entrenatzaile izan ditu: Marcelo Bielsa, Ernesto Valverde, Kuko Ziganda eta Eduardo Berizzo. Urterik onenak, Bielsarenak eta Valverderak izan ziren. Bielsarekin taldea Europa Ligako eta Espaianiako Kopako txapeldunorde izan zen, eta Valverderekin Espaniako Superkopa irabazi zuen. 31 urte ziren Athleticek titulu bat irabazten ez zuela. Gainera, Espainaiko Kopako txapeldunorde ere izan zen, eta urtero jokatu zuen Europan, tartean Txapeldunen Ligan. Zigandaren gidaritzan sasoi kaskarra osatu zuten aurreko denboraldian, eta orain taldea beheko postuetan da Berizzorekin.
Urrutia izan da San Mames zaharraren eta berriaren arteko aldaketa egin zuen presidentea. Urte hauetan bazkideen babesa izan du. Fitxaketen artean Iñigo Martinezena (32 milioi) Yurirena (20 milioi) Beñatena (10 milioi) eta Raul Garciarena (10 milioi) nabarmendu behar dira. Salmenta garrantzitsuak ere egin ditu urte hauetan: Kepa Chelseari (80 milioi), Javi Martinez Bayern Munichi, (40 milioi) eta Ander Herrera Manchester Unitedi (36 milioi).
Egungo egoera eta Cabacas auzia
Taldearen egungo egoeraz ere mintzatu da Urrutia, sailkapenean hamazazpigarren baitago, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera. Baikor da Urrutia: "Argi dago gauzak ez daudela ondo irteten. Baina batuta egon behar dugu, bizi izan ditugulako egoera zailak eta atera gara". Berizzoren inguruan ondorengoa esan du: "Izan duduan entrenatzaile onenetakoa da. Kezkatuta ikusten dut, baina ez beldurtuta, eta oso ondo lanean". Haren etorkizuna kolokan dagoen ere galdetu zaio: "Gure apustua beti izan da egoera txarretan ere entrenatzaileek segitzea, eta kasu honetan ere hala nahi dugu. Baina futbolean ez dago ezer ziurra".
Bestalde, adierazi du gertutik jarraitzen ari direla Iñigo Cabacasen heriotzaren auzia: "Nahi duguna da justizia egitea, uste dut gizarte guztiak bezala"