Aberatsa larri, pobrea gozo

Gescrapek eta Lagun Arok sasoia baldintza dezakeen derbi bat jokatuko dute gaur Miribillan; bolada onean dira gipuzkoarrakBiek behar dute garaipena Kopa jokatzeko, baina premia handiagoa dute bizkaitarrek

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Batzuk, etxekoak, orain urte batzuk hasi ziren norgehiagoka erabakigarriak jokatzen, tituluen arrastoan jarri gabe onenen pare jartzeko aukera zekarten partida politak. Hazkunde pausatu baten adibide ona. Mantso, baina etenik gabe. Gaur, Gescrap Bizkaia elitean dago. Ez elitearen koska garaienean, baina elitean. Europako hamasei talde onenen artean dago, eta ACB ligako txapeldunordea da. Eliteak, ordea, beti dauzka koskak, eta bizkaitarren kasuan, mingarri samarra. Izan ere, Espainiako Kopako txartela airean dago. Airean baino gehiago, eskuraezin, garaipen bolada on-on bat lortzen ez bada.

Ligako azken bi partidak galduta, larri dabil Gescrap, euskal saskibaloiko aberats berria. Egutegia apetatsua izan ohi da horrelakoetan, eta 2012an etxean jokatuko duen lehen partida oso gogorra izan liteke Fotis Katsikarisentzat eta haren jokalarientzat, galduz gero Kopatik at egongo direlako eta horren erruduna bizilagun pobrea izango delako, aspaldi gabe helburu ia bakar ez jaistea beste helbururik ez zeukan talde apala: Lagun Aro.

Aberatsa larri, eta pobrea gozo. Bata eta beste derbira nola iritsiko diren aztertuta, arduratu samar egoteko arrazoia badute Bilbo aldean, kirol profesionalean emaitzek eta garaipenek dena esan nahi dutelako. Dena ematen dute, edo dena kendu. Gescrapeko jokalariak konfiantza faltarekin sumatzen dira, hiru laurdenetako lan onari errematea emateko federik gabe, arrakasta ekarriko dien klik hori aurkitu ezinik. Eta Donostian zer? Guztiz kontrakoa. Dena ateratzen zaie, eta dena ondo. Lau partida irabazi dituzte jarraian, eta partida buruko indarra neurtuta erabakiko balitz, kolorerik ez. Gipuzkoarrak nagusituko lirateke, zalantzarik gabe.

Demagun Lagun Aro Bizkaia joan den sasoiko liga bukaeran bezala dagoela: konfiantzaz lepo. Sinistu egiten du bere gaitasunean, eta ez da berehalakoan belaunikatzen. Horrek 40 minutuko partida eskatuko dio Bizkaiari, baina gai izango al dira beltzekoak halakorik egiteko? Malagan 35 minutukoa egin zuten, eta azken bost minutuetan aurreko lan on guztia harrika bota. Presiopean ondo jokatzen zutela argudio ona zen joan den astera arte, baina dagoeneko ez, Unicajaren aurkako dema ere irabazi beharrekoa zelako. Bakarren batek esan dezake hori ez dela egia osoa ere, eta ez du arrazoirik falta, Malagan galduta ere Bizkaiak Kopa jokatzeko aukera eduki badaukalako oraindik. Eguerdikoa bada zirt edo zart egin beharrekoa. Ez da beste aukerarik egongo. Irabazi, edo agur Kopari.

Tentsioaren bi aurpegiak

Bilbon batere beldurrik gabe hitz egiten dute Kopari buruz. Txapelketa hori jokatzen ohituta daude, eta ez jokatzea porrot handi samarra litzatekeela onartu dute. Donostian esperientzia txarra dute Koparekin, eta halako jarrera itxia erakusten ari dira Bartzelonakoari buruz galdetzen zaienean. Hitz gutxi, oraindik ezin da horri buruz hitz egin. Helburua jaisteko postuak saihestea dela eta antzeko botatzen ari dira Donostia aldean, baina bistan da Kopaz mintzatu, mintzatzen direla, hala ez egitea ez litzatekeelako normala izango.

Jokoaz bi hitz. Erritmo handia eskatu du Katsikarisek. Bestela esanda: errebotea, trantsizio azkarrak eta saskiratze erraz asko. Lagun Aroren esku dago, ordea, hori saihestea, bizkaitarren defentsako errebotea oztopatuz eta trantsizio azkar horiek falta taktikoekin etenda. Baloi gutxi ematea ere funtsezkoa da. Cajasolen aurkako estatistika beltza errepikatzen bada, jai dute donostiarrek (21 baloi). Azken ordukoei dagokienez, Lagun Aroko Andy Bettsek parte hartzea ez da ziurra. Pibotak kolpea hartu zuen azazkal batean. Min du, eta azken orduan hartuko dute erabakia.

GESCRAP-LAGUN ARO GBC

Txapelketa. ACB ligako 15. jardunaldia.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta D'Or Fischer.

Lagun Aro GBC. Neto, Salgado, Papamakarios, Baron, Lasa, Motos, Vidal, Ogide, Panko, Doblas eta Betts.

Sailkapena. Gescrap 12. postuan da: 5-8 (-18); Lagun Aro 9.ean: 6-8 (+47).

Lekua. Bilbo Arena (8.600 ikusle).

Ordua. 12:30 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.