Telenobeletan bezala? Jakina da sosez urri direnak kexa eta malkoa erabiltzeko joera izaten dutela gauzak beraiek pentsatu baino gehiago okertzen direnean. Pobreenen patua da, baina aberatsek ere gero eta sarriago erabiltzen duten baliabide bat da. Negar egin, komunikabideek haien malkoak barreia ditzaten hara eta hona. Negar egiteko moduak eta moduak daude, dena den. Batzuek elegante egiten dute, euren errua onartuz. Xavi Pascual eta Dusko Ivanovic entrenatzaileen kasua da. «Hemezortzi baloi eman ditugu, eta minutu askotan defentsa perfektua egin dute», esan zuen Pascualek Sevillan galdu ostean. Bartzelonak errenkadan hogei garaipen lortzeko aukera zuen, bi denboraldi lotuta, baina ez zuen lortu. Ivanovicena, bigarrena: «Irabazteko grinarik gabe aritu gara, sufritzeko prest izan gabe, eta merezitako kolpea jaso dugu». Pablo Laso eta Pedro Martinez ez dira epaileekin kexatu aste honetan, azken jardunaldian ez bezala. Ez dute telenobeletan sarri ikusten diren tankerako malko faltsurik isuri. Real Madrilek eta Kanaria Handiak irabazi egin dute. Kasualitatea?
Sufritzeko gai. Aldapa gora jarri zen neurketari buelta emateko gaitasuna erakutsi zuen Bilbo Basketek igandean. Joventutek denek espero baino zailtasun gehiago eman zituen, eta bizkaitarrek ahalegin berezia egin behar izan zuten Miribillatik garaile irteteko. Jackson egurrean etorri da, eta Banic eta D'Or Fischerrekin hirukote arriskutsua osatzen du, batez ere trantsizio jokoan. Goraipatzeko modukoak baloiak erre egiten zuenean Mumbru kapitainak eginiko saskiratze erabakigarriak eta Blums letoniarrak saskiratutako lau hirukoak. Bizkaitarren talde izaera sendoa erakusten duen xehetasun garrantzitsu bat: Hampl txekiarraren lan aparta. Lehen taldean postu finkoa lortu ezinik dabil azken urteetan, baina igandean bezalako lana sarri egiten badu, lortuko du. Bost puntu lortu zituen zazpi minutuan, eta Stevic fitxatu gabe ere bera ordezko ona dela erakutsi Katsikarisi.
Istripua. Muturreko ondoriorik ez ateratzea onena, baina, halere, ezin ukatu Baskoniak Zaragozan hartu zuen muturrekoa handia dela. Hogeita bi punturen aldearekin galtzea beti delako kolpe gogorra talde handi batentzat. Hogeita bi punturen aldearekin, eta erakutsitako jarrera epelarengatik. Gose faltari, sufritzeko gogo ezari egotzi dio Ivanovicek porrota, eta bihar, Turkian, jokalarien erreakzio bat espero da. Galdu edo irabazi. Galtzeko moduak eta moduak daudelako. Ivanovicek esandakoei kasu eginez, bide onean da Milko Bjelica, puntu bakar bat lortu ez bazuen ere. Bide txarrean nor dagoen ez zuen esan, baina Seraphinek eta Nemanja Bjelicak hartutako erabaki pare batekin keinu adierazgarria egin zuen entrenatzaileak. Ardi beltz bilaka daitezkeen horiek artaldera ekarriko ahal ditu entrenatzaileak...
Langile nekaezinak. Lana, lana eta lana. Horixe omen da Lagun Aroko entrenatzailearen dohain garrantzitsuena. Oraingoz garaipenik ekarri ez duen lan eskerga. Donostiarrak nahiko txukun aritu dira azken bi partidetan, baina uztarik bildu gabe geratu dira zoritxarrez. Interesgarria Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak jakinarazitako bi xehetasun laburpen honetara ekartzea. Taldea autobusean itzuli zen Valladolidetik Donostiara. Goizaldeko 5etan iritsi omen ziren, eta Sito Alonsok etxean dutxa bat hartu eta bulegoetara lanera joan omen zen zuzenean, Unicajaren aurkakoa prestatzeko. Jimmy Baronen penitentziaren berri ere eman zuten. Unicajaren aurkako partida bukatu, dutxatu, eta kantxara itzuli omen zen Rhode Islandekoa. Hirukoak bota eta bota aritu omen zen, Jon Txakartegi bigarren entrenatzailea lagun zuela; berrehun hiruko inguru. Alonsori garaipenak ekartzen hasiko den giltza bilatzea falta zaio. Baroni, joan den sasoian bezala asmatzen hastea. Ez geunden ohituta estatubatuarrak hainbeste huts egiten ikusten, eta pazientzia apur bat edukitzea onena.
Zonakako defentsa
Aberatsek ere negar egiten dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu