Iaz baino bi aste geroago baina iritsi da Donostiako Klasikoaren 32. ekitaldia. Gaur, 11:10etan abiatu dira txirrindulariak Alderdi Ederretik, 234 kilometroko ibilbidea osatzeko. Aurreko urteetako bera izango da, mendate erabakigarri berberekin: bitan igoko dute Jaizkibel, eta beste bitan Arkale.
Egun berdintsuetan ziren jokatzekoak Olinpiar Jokoetako txirrindularitza probak eta klasikoa. Horregatik, lasterketa atzeratu behar izan zuten antolatzaileek, bi astez.
Lasterketa irabazteko hautagai ugari izango dira irteeran, baina faborito argirik ez. Azkenaldian, Tourretik zetozen txirrindulariak izan dira nagusi Donostian, pedal kolpe hobearekin iristen baitziren. Aurten, baina, urrunegi dago Frantziako itzulia —hiru aste dira amaitu zela—, eta Vueltara joatekoak direnak prestaketaren azken txanpan dira —larunbatean hasiko da Iruñean—.
Alexandre Vinokurov (Astana) da zerrendako lehena. Txapeldun olinpikoak bere azken lasterketa izango du gaurkoa, eta ez du nolanahi utziko txirrindularitza. Omenaldia egingo diote irteeran, eta bere marka utzi nahiko du Donostian, ziur. Hortik aurrera, Alejandro Valverde (Movistar), Jurgen Van den Broeck (Lotto) edo Luis Leon Sanchez (Rabobank) 2010eko garailea dira Tourreko sasoia baliatu dezaketen ziklistetako batzuk. Haimar Zubeldia (RadioShack) eta Gorka Izagirre (Euskaltel) gipuzkoarrak ere sar daitezke aurreko taldean.
Beste bandoa, Vueltakoa, ez da ahulagoa izango: Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno (Katuxa), Alberto Contador (Saxo Bank), Damiano Cunego (Lampre), Igor Anton (Euskaltel), Rigoberto Uran (Sky), Simon Gerrans (Greenedge), Greg Van Avermaet (BMC)... Hankak freskoago dituztela, Espainiako Vueltan aritzeko egin duten prestaketa baliatu nahiko dute. Lehia, behintzat, ez da faltako. Faltako dena Philippe Gilbert (BMC) iazko garailea izango da.
Vinokurov, begirada guztien jabe
Klasikoa abiatu aurretik zaleek aukera izan dute bulebarrean txirrindularitzako izar handien alboan egon eta argazkiak atera eta sinadurak biltzeko. Hesiaren beste aldetik batzuk, eta barrutik beste asko. Zortea izan dutenek Astana taldeko Alexander Vinokurov txirrindulariarekin atera dute argazkia. Vinokurovek agur esango dio txirrindularitzari gaurko lasterketa eta gero.