Abiapuntua da

Iaz Zeelanda Berrian Munduko Kopa jokatu ondotik, Sei Nazioen Torneoa izanen da hurrengo txapelketa nagusia, etzi hasitaFrantzia eta Gales dira, itxura batean, irabazteko hautagai nagusiak

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Goi mailako kirola zikloka dago antolatuta. Lau urtean behin nazioarteko txapelketa nagusi bat dator. Ziklo handi horiek zehazten dute talde baten prestaketa, eta horien arabera erabakitzen dute jokalariek haien nazioarteko ibilbidea noiz utzi.

Errugbiari dagokionez, iragan udazkenean Zeelanda Berrian jokatu zen Munduko Kopa izan zen txapelketa nagusia. Hari begira prestatu ziren munduko selekzio boteretsuenak, lau urte luzez. Zeelanda Berriak irabazi zuen, azkenean, Frantziaren aurka.

Baina lau urteko ziklo bat itxi orduko, hurrengo Munduko Kopara eramanen duen beste lau urteko ziklo bat ireki da. Horrelakoa da goi mailako kirola. Beti mugimenduan, pausarik gabe. Hiru hilabete pasatu dira Zeelanda Berriko Munduko Kopa bukatu zenetik. Baina Sei Nazioen Torneoa ate-joka dator.

Asteburu honetan ekingo diote Europako sei selekzio indartsuenek Sei Nazioen Torneoari. Neguko hilabete hotzetan klasiko bihurtu dira errugbi partidak ikusten pasatutako telebista arratsaldeak. Klasiko bihurtu dira ere Europa osoko eta Euskal Herriko errugbi zaleen asteburupasak, Dublin, Cardiff edo Londresko hiri eta estadioetan, Torneoaren aitzakian.

Ospe handia dauka torneoak. Oso txapelketa zaharra da, eta folklore eta xarma berezia dauka. Baina nazioarteko errugbian Munduko Kopak hartu du lehentasuna, eta selekzioek haien programazioa azken lehiaketa horren arabera eraikitzen dute.

Munduko Kopa bukatu berritan gertatzen den bezala, aurtengoa trantsiziozko torneoa izanen da. Zeelanda Berriko lehia bukatu ondoren, selekzio anitzek aldaketak egin dituzte. Batzuek hautatzaileak aldatu dituzte: Frantziara Philippe Saint Andre iritsi da; Italiara, Jacques Brunel. Besteak irtenbide bila dabiltza: Eskoziak ez du oraindik Andy Robinsonen ordezkorik lotu, eta Ingalaterrak Stuart Lancaster izendatu du, behin-behinean. Zeltiar selekzioek, jarraipenaren alde egin dute: Galesek Warren Gatlandi eustea lortu du, eta Irlandan Declan Kidneyk jarraitzen du.

Jokalarien aldetik ere, beterano anitzek Munduko Koparekin batera utzi diote selekzioarekin jokatzeari. Hemendik lau urteko lehiaketa handiari begira talde berri bat osatu beharra dago, eta odol berria behar da.

Selekzioak, eraikitze lanetan

Hainbeste aldaketarekin, zail dago pronostiko argi bat egiten. Entrenatzaile berriak, joko sistema berriak, jokalari berri anitz... eraikitze bidean egonen dira selekzio gehienak. Baina torneoa ez da edozein auzo lehiaketa, eta ezin da horrelako txapelketa bat nola edo hala jokatu.

Goi mailako errugbia lau urteko zikloetan eraikita badago ere, egunerokotasunak badauka garrantzia. Elitean emaitzak axola du, beste ezeren gainetik. Sei Nazioen Torneoa irabazteko jokatzen den txapelketa bat da. Parte hartzeak bakarrik ez du balio.

Orduan, zer jarrera hartu, torneoari begira? Gazteen alde egin, hurrengo Munduko Kopari begira ezarriz, edo txapelketa irabazten saiatu, eskarmentuzko jokalariak deituz?

Selekzio gehienak bi aukeren artean banatuta daude. Ingalaterrak sekulako garbiketa egin du. Jokalari berri anitz eta selekzio bakarra duen Robshaw kapitain gisara. Alderantziz, Irlandak konfiantza itsua dauka O'Driscollen belaunaldian, eta apenas aldaketarik egin duen.

Bien artean daude Gales eta Frantzia. Galesek Munduko Kopan zenbait gazte sartu zituen, eta belaunaldi horretan oinarrituko da. Philips, Byrne eta Bennetten eskarmentua ere ez du alde batera utzi. Frantzian, Munduko Kopako taldearen alde egin du Saint Andrek. Hala ere, sasoi hasieratik sasoirik onena dutenen alde egin du, nahiz eta udazkenean Munduko Kopan ez egon. Nalletek eta Bonnairek hau izanen dute azken txapelketa. Gales eta Frantzia dira faboritoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.