ACB ligako eraso joko emankorrenak aurrez aurre Gasteizen

Joventut hartuko du Baskoniak, Batista eta Baracekin; Badalonako taldea Jordi Trias gabe dator (20:30, ETB 1)

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
ACB ligan puntu gehien saskiratzen duten talde biek neurtuko dituzte indarrak gaur Buesa Arenan. Baskonia da saskiratzaile onena, partidako 81,4 puntu lortuta, eta Joventut bigarrena, 79,6 punturekin. Defentsa lanean dago bi taldeen arteko aldea. Gezurra badirudi ere, Baskoniaren defentsa ona da, Joventutenarekin alderatuz gero. Izan ere, Badalonako taldea da puntu gehien hartzen duena, ia 79 puntu partidako, Baskoniak baino ia sei gehiago. Joventut da, era berean, baloi gehien ematen duen taldea, 17,2, euren jokoa trantsizio azkarretan oinarritzen dutelako.

Baskonia estatistika txar horiek baliatzen saiatuko da, heldu den astelehenean Madrilen egingo den Kopako zozketan zerrendaburu izateko helburuarekin. Garaipen bakarra behar du lehen itzulia lau onenen artean bukatzeko, eta Joventuten aurkakoak aukera aproposa dirudi. Garaipenaz gain, pizgarri franko ditu partidak. Garrantzitsuena, Esteban Batista iritsi berriaren lehen partida dela Gasteizen. Uruguaitar pibotaren etorrerak ilusio handia piztu du zaleengan, eta Donostiako derbian nahiko txukun aritu zen. Haren moduko jokalari grinatsuak ongi etorriak izaten dira beti Gasteizen, eta Batistak lan ona egitea espero da. Stanko Barac kidea ere kantxaratzeko gertu izango da.

Arazo fisikoekin dabil kroaziarra, etxean Khimkiren aurka belauna bihurritu zuenetik, eta sukar pixka bat ere eduki zuen joan den astean. Gaur izan liteke Batista-Barac bikotea elkarrekin ikusteko lehen aukera. Baskoniak, bitartean, lanean jarraitzen du taldea osatzeko. Zurrumurruen arabera, Carlos Cabezas CAI Zaragozako joko antolatzailea eta Valentziako Florent Pietrus hegalekoa fitxatu nahi ditu, baina oraingoz ez dago berri ziurrik.

Joventuti dagokionez, hutsune garrantzitsu bat izango du. Jordi Trias hegalekoak orkatila bihurritu zuen Fuenlabradaren aurka, eta etxean geratu da. Baskoniako bi jokalari ohi ariko dira: Will McDonald eta Carl English.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.