Ez da gaizki hasi. Ilusioa sortu du zaleengan, eta hori ez da erraza. Are gutxiago aurrekontua murrizten denean. Lagun Aro Gipuzkoa Basketek gero eta diru gutxiago erabiltzeko beharrean ikusi du bere burua, urteak joan, urteak etorri, eta sos gutxiagorekin itxura polita daukan taldea osatzea ez da lan erraza. Donostian opor gutxi egin dituzte Pablo Laso entrenatzaileak eta bere laguntzaileek, eta emaitza ona edo txarra den ikusteko badago ere, taldeak baikortasuna helarazten du.
Bost milioi eurorekin ezin direlako mirariak egin. ACB ligan jokatu zuen lehen urtean ia zazpi milioi eurokoa zen aurrekontua. Joan den sasoian 5,5 milioi eurokoa, eta denboraldi honetan bost milioi eurokoa. Bost milioi eurorekin, ordea, 5,5 milioi eurorekin egin zena baino talde hobea egin da. Zer esanik ez zazpi milioi eurokoarekin alderatuta. Itxura hori dauka, behintzat.
Joan den sasoian herren ibili zen alorra nabarmen indartu duelako. Ez da saskibaloi aditua izan behar talde bateko bizkarrezurra joko antolatzaile eta pibot onek osatzen dutela ziurtatzeko. Lagun Arok ona zen joko antolatzaile batekin hasi zuen joan den sasoia, Sergio Sanchezekin, baina onetik gutxi zuela bukatu zuen, eta hain ona ez zenak, Ricardo Urizek, lemazain jarduna hartuta. Hastear den liga honetan, fidatzeko moduko bi antolatzaile ditu Lasok bere aginduetara: Uriz bera, eta Javi Salgado, Euskal Herriko historiako jokalari onenetakoa.
Antzeko ezaugarriak dituzte biek -talentu handiagoa du bilbotarrak-, baina bikote eraginkorra osatzeko gaia dute. Eskolta eta hegaleko postuak ere ondo osatu dira. Alfonso Sanchez espainiarrari etorkizun oparoa iragarri zioten, baina ez du espero zen neurria eman. Defentsan jokalari iaioa da. Lander Lasa etxeko gaztearen helburua trebatzea izango da. Jimmy Baron da hirukote horretako azken erpina. Txapeldunordea izan zen hiruko jaurtiketetako lehiaketan, Superkopan, eta Gasteizera joandako askoren loreak jaso zituen. Mingain gaiztoek diote lan saio batean 100 hiruko saskiratu zituela jarraian, bat bera ere kale egin gabe. Egia edo gezurra, Baronek jokalari onaren traza dauka.
Kanpotik barrura...
...edo barrutik kanpora. Hegaleko postuan kanpotik barrura jokatzeko joera baitu Andy Pankok, eta barrutik kanpora Nikoloz Tsikitixvilik. Zaila da sinistea, georgiarra 212 zentimetro luze baita. Hirukoetan maila hobea ematen du, saskipeko jokoan baino. Haren jarduna Michal Ignerskirenarekin alderatuko dute askok. Aldez aurretik, fidagarriagoa dirudi Tsikitixvilik, poloniarrak baino.
Saskiperako ere fitxaketa garrantzitsu bat egin du: Mohammed Kone, Boli Kostakoa. 211 zentimetroko morroskoa da, gaitasun fisiko handikoa. Munduko Txapelketan errebote asko hartu zuen, eta saskiratzen ez, saskiratzeak oztopatzen, txapelak jartzen eta taldekideentzat blokeo onak egiten hobeto moldatzen dela erakutsi zuen. Bermea ematen duten bi pibot on ditu Lagun Arok, David Doblas eta Albert Miralles, eta osagai on bat: Kone.
Egindako taldeak zein helburu daukan? ACB ligan mantentzea. Oinak lurrean, eta gero-gerokoak. Joan den denboraldian ere koska bat gora egin zuen taldeak, eta sasoi honetan ere hala egitea espero du. Zer den hori? 10-12. postura hurbiltzea, eta Espainiako Kopako hautagaien artean sartzea, indartsuagoak direnek kale egiten badute. Baina beti atzetik datozenen arrastoa galdu gabe.
SASKIBALOIA
ACB LIGAKO EUSKAL TALDEAK: LAGUN ARO GBC
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek denboraldi honetarako osatu duen taldeak ilusioa sortu du zaleengan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu