ACB Espainiako saskibaloi ligak 2020-2021eko denboraldian bertan parte hartzeko gonbidapena igorri dio Delteco Gipuzkoa Basketi. Bartzelonako epaitegiak ezarritako «kautelazko neurriei» jarraikiz hartu dute erabakia. Epaitegiak GBC «berehala» onartzeko adierazi zuen hark, talde donostiarraren eskaerari men eginez. Talde donostiarrak 2019-2020ko denboraldian lortu zuen igotzea, eta beharrezko tramite administratiboak ere bete ditu. Igoera baieztatuko balitz, ACBk hemeretzi talde izango lituzke datorren denboraldian, jaitsierarik ez egotea adostu baitzuten.
ACBk komunikatu baten bidez eman du gonbidapenaren berri, azpimarratuta epaitegiak adierazitakoari men eginez egin duela, baina «kautelazko neurriei aurka egiteko elkarteak duen eskubideari» kalte egin gabe.
Liga osatzen duten hemezortzi taldeek uztailaren 23an adostu zuten GBC ligan ez onartzea. Erabaki haren ostean, Espainiako Kirol Batzorde Gorena eta Saskibaloi Federazioa batzartu ziren erakundearekin, baina ez zuten lortu ados jartzea. Erabaki horren aurrean, «araudi eta hitzarmenak betearazteaz arduratzen diren kirol erakundeek eta instituzio publikoek horiek betetzea lortu ez dutenean» jo zuen GBCk epaitegietara. Taldearen esanetan, hori zuelako bere «eskubideak babesteko» modu bakarra.