Goizean goiz zezenei adarretatik helduta ibiliko ziren pilotazale asko Iruñeko kaleetan barrena, eta, 11:30ean, Labrit pilotalekura inguratuko dira horietako asko. Atzo hasi ziren festak Iruñean, baina gaur lehertuko da festa Labriten. Nafarroako lau t'erdiko finalari adarretatik heldu beharko diote Juan Martinez de Irujok eta Oinatz Bengoetxeak. Finalerdietan Mikel Idoate kanporatu zuen Irujok, 22-8, eta Arretxe II.a Bengoetxea VI.ak, 22-10.
Olaizola II.aren eta Xalaren arteko buruz buruko final handiaren itzalean geratu da aurten Nafarroako lau t'erdiko finala. Beroketa lan gutxi izan da Labriteko finalaren atarian. Baina txapel gosez daude bi pilotariak. Buruz buruko finala jokatzeko zorian egon zen Bengoetxea VI.a, eta erakutsi egin nahiko du sasoi puntu onean dagoela. 11:30ean hasiko da jaialdia (ETB 1).
San Fermin torneoaren hasiera ekitaldia besterik ez da izango Nafarroako Lau t'erdiko finala, hurrengo zortzi egunetan zezenak adina pilota partida izango delako Iruñea aldean. Gaur iluntzean bertan hasiko da Binakako San Fermin Torneoa, A multzoko finalerdietako lehen partidarekin: Titin III.a-Zubieta, Berasaluze VIII.a-Beginoren aurka. Eta bihar jokatuko dute B multzoko finalerdietako lehenengo partida, Olaizola II.a-Albisuk, Xala-Pascualen aurka. Finala, berriz, hilaren 14an jokatuko da, Labriten bertan, A eta B multzoetako lehen bi sailkatuen artean.
Adarretatik helduta
Nafarroako lau t'erdiko finala jokatuko dute gaur Juan Martinez de Irujok eta Oinatz Bengoetxeak, Labriten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu