Adiskidetzeko asmoz

Partida bakarreko kanporaketak ahaztu eta gogotsu heldu nahi dio Realak gaur Kopari

Xabier Lopetegi.
2006ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Ligan egiten ari den lan eskasa lehenbailehen ahazteko aukera izango du gaur Kopan Athleticek. Talde zuri-gorriak etxean jokatuko du, berriz. Beraz, 2006-2007 denboraldian San Mamesen lehen garaipena eskuratzeko aukera izango du. Bi lehiaketa ezberdin izan arren, konfiantza hartzeko balio dezake Mallorca mendean hartzeak. «Guretzat garrantzitsua izango da etxean irabaztea», esan du Felix Sarriugartek.

Liga hasiera txarrak bigarren mailan utz dezake Kopa. Halere, talde zuri-gorriko kideek ez dute hori egiteko asmorik. Egunetik egunera taldea hobetuz doala uste dute. Beraz, Mallorcaren aurkako neurketak beste urrats bat emateko balio dezakeela iritzi diote zuri-gorriek. Bide batez, ez dute Bilboko taldeko zaleek horren gustuko duten lehiaketa galdutzat eman gura. Mallorca ez da Athletic baino talde indartsuagoa. Beraz, hasiera batean kanporaketa orekatua izango dela dirudi. Itzuliko partidan aurrera egiteko aukera izateko, gaurko neurketarako bi gauza eskatu ditu Sarriugartek: «Norgehiagoka irabaztea eta golik ez jasotzea dira gure helburuak. Izan ere, etxetik kanpo sartutako golek balio bikoitza baitute», adierazi zuen zuri-gorrien entrenatzaileak.

Bata zein bestea lan gaitzak dira Athleticentzat. Orain arte San Mamesen jokatutako lau partidetan berdinketa bat besterik ez du eskuratu Athleticek. Hori gutxi ez balitz bezala, Ligan jokatutako lau partidetan bederatzi gol sartu dizkiote. Gauza asko aldatu beharko dira Sarriugartek eskatzen duena egi bihurtzeko.

GOGOA ETA INDARRA SOILIK. Halere, jokalariek ez dute etsiko. Partida berandu da, baina ez dute lo hartzeko asmorik. Orain arte eman dutena baino askoz gehiago emateko gai direla erakutsi gura dute. Hori bai, aurrean duten taldeak ez du erraztasunik emango. Mallorcak defentsa sendoa dauka, esperientzia askoko jokalariek osatutako atzeko lerroa. Athleticek, berriz, joko antolatzaile falta du. Beraz, Celtaren aurka gertatu zen legez, gogoa eta indarra ipini beharko ditu aurkaria bere arean sartzeko. Ea igandean baino joko hobea eta zorte hobea izaten duen.

Felix Sarriugartek zelairatuko duen hamaikakoaren gainean ezer gutxi dakigu. Atean Lafuente egongo dela dirudi. Izan ere, Aranzubia min hartuta dago. Atezain errioxarrak gogor kritikatu zuen taldearen jokoa astelehenean. Bere egoera pertsonalarekin ados ez dagoela ere argi erakutsi zuen. Bada, atzo, min hartu zuen belaunean. Kasualitatea ote da? Zorte txarra agian? Bata edo bestea izan, gaur ez du jokatuko. Aitor Alcalde gazteak hartu du haren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.