Ez da giro binakako txapelketaren finalaren aurreko egunetan. Materialaren hautaketa egin dute gaur Bilboko Bizkaia frontoian, eta emaitzarekin oso atsekabetuta agertu Bengoetxea VI.a: “Dezepzionatuta nago. Oso pilota biziak aukeratu dituzte; ez nuen uste halako materialik sartuko zutenik”. Azaldu duenez, pilotek lau metroko altuerako botea egiten dute, eta, partidak aurrera egin ahala, are bote handiagoa izango dute. Arazo horiek gorabehera, haren bikote Mikel Larunbek esan du “indar guztiak” aterako dituztela igandean garaile izateko.
Iker Irribarriak, berriz, argi utzi du bakoitzak “berea” ikusten duela, eta ez zaio iruditu berak eta Beñat Rezustak aukeratutako pilotek bote handiagorik egiten dutenik. Gainera, ohartarazi du Bengoetxeak VI.ak eta Larunbek aukeratutako pilotak “motelegiak” direla Bizkaia frontoirako. Bestalde, Rezustak ez dio garrantzirik eman faborito izateari, eta, gertatzen dena gertatzen dela, txapelketa guztian egindako lana nabarmendu du.
Binakako finala Bizkaia frontoian izango da, igandean, 17:00etan. 300 sarrera geratzen dira saltzeke.