Argalago omen dago Titin. Gerri buelta handirik ez du izan inoiz, baina botileroak 41 urterekin karga arintzera behartu du. «84 kilo pisatzen du orain, eta, normalean, 86 inguruan ibiltzen da. Gutxi dirudi, baina belaunetako arazoak izan eta puntan lehiatu behar duzunean kilo bat asko nabaritzen da». Azalpen zehatza Joaquin Plaza Titinen eta pilotari errioxar askoren prestatzaile fisikoarena da, Iruñeko Labrit pilotalekuko kontrakantxan emana, eta edozeinek esango luke bere gimnasioko baskula besapean ekarri duela.
Labriten ekingo dio lau t'erdikoari Titinek, gaur, Pablo Berasaluzeren aurka. Final-laurdenetako partida da (17:00, Nitro). Irabazleak finalerdietarako ligaxka jokatuko du, eta aldi berean heldu den urtean zerrendaburu izateko pribilegioa ziurtatu. Horiek hala, gaurkoa oso partida garrantzitsua da, eta horregatik behartu du Plazak Titin argaltzera. «Augustok, normalean, 86 kilorekin ekiten zion lau t'erdikoari, eta 83rekin bukatu. Karga apur bat hartzen zuen indar hornigaia izateko. Aurten, baina, mugikortasunaren alde egin dugu. Agian, beste zerbait galduko dugu aurrerago, txapelketa luzatzen bada; baina orain garrantzitsuena lehen partida irabaztea da».
Iaz Titinek lau t'erdikoan bikain jokatu zuen, eta finaletik lau tantora gelditu zen, berdinketa hirukoitz batean murgilduta. Duela bi urte, aldiz, oso gaizki pasatu zuen ligaxkan. 2008an txapeldun izan ondoren Triciokoak lau t'erdikoa ez zuela berriz ere jokatuko zabaldu zen, baina berriz ere sartzea erabaki zuen. Hor datza, Plazaren ustez, Titinen sekretua. «Nik uste dut 2009an pasatu zitzaiola burutik ez jokatzea, baina Augustok lehia maite du. Lehiatzeko goseak beste ezerk baino gehiago ahal du. Txapela hor egongo da, betiko, baina puntan lehiatzeko aukera ez, eta horrek emozioa eragiten du, deitu adrenalina, deitu ilusioa... Askok erabakitzen dute erretiroaren ondoren itzultzea. Moto eta auto pilotuei pasatzen zaie, zezenketariei ere bai, batzuk diru truke itzultzen diren arren, baina gehienak txaloengatik eta emozioarengatik itzultzen dira. Eta hori da gure kasua: zezena aurkaria da, eta txaloa, berdina, eta hori atzean utzi behar izatea ez da erraza».
Ilusioa da gakoa, baina gorputz eta sasoirik ezean, ez da nahikoa. Titinek sanmateoak bukatu berritan hasten du urtero lau t'erdikorako prestaketa, eta lan karga handiko asteak izaten dira. Urteekin, Plazak dioenez, mugikortasunarekin zerikusia duten arloek egiten dute nabarmenen behera: abiada,arintasuna... Eta horiek lantzen ditu bereziki Titinekin. «Ariketa aerobiko eta anaerobikoak oro har, erritmo serie luzeak, serie motz bizi-biziak... eta partida gerturatu hala sasoia doitzea da kontua».
Plazak, besteak beste, merinotarrak eta Gorka pilotari gazteak prestatzen ditu, eta haien eta Titinen entrenamenduen artean ez dago alde handirik. Emaitzak lortzeko ahaleginean, berriz, alde logikoa dago. «40 urteko kirolariak kontu handiagoz ibili behar du, eta, noski, lan gehiago egin sasoi egokia lortzeko. Hori bai, gazteak baino hobeto ezagutzen du bere burua, eta ezagutza hori ere lagungarria da».
Titinen ahulunea, baina, ez da sasoia, urteekin, eta maleziaz, tantoarteko tartea luzatu baduhauspoari buelta emateko. Titinek, nonbait izatekotan, belaunetan du ahulunea, eta horiek ondo dituelako, lasai dago Plaza. «Ez du inolako minik, ondo ditu. Aurten ez du azido ilauronikorik injektatu. Medikuarengana joan ginen, eta, premiarik ez zegoela esan zigunez, hala utzi ditugu».
Adrenalinaren dieta
Joaquin Plaza prestatzaileak kilo pare bat argaltzera behartu du Titin III.a, Lau t'erdiko Txapelketan «arinago mugitzeko». Dena den, haren iritziz, beteranoaren sekretua «lehiatzeko gosea» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu