Golak. 0-1: Altintopek (14. min.); 1-1: Adurizek (55. min.); 2-1: Adurizek (65. min); 3-1: Susaetak (89. min).
Epailea. Vladislav Bezborodov (Errusia). Txartel horia Athelticeko Garciari eta Augsburgko Wernerri.
Bestelakoak. 40.000 ikusle inguru San Mamesen, tartean Augsburgetik joaniko 1.200.
Aritz Adurizek ez du kale egiten. Erretiratzen denean bizi aseguruak saltzen hasten bada laster aberastuko da Bilbon. Aurrelaria denboraldi hasiera bikaina egiten ari da, zortzi gol sartu ditu honezkero, azken biak atzo, eta hari esker Athleticek Europako Ligako ligaxkako lehen partida irabazi zuen. Hari esker esatea ez da gehiegi, Bilboko taldeak ez zuelako egun ona izan. Augsburgek askok uste baino irudi hobea eman zuen, eta merezi baino egur handiagoa jaso. Kanpokoak gehiago izan ziren lehen zatian, baina bigarren zatian Donostiako golegilea agertu zen bere taldea, beste behin, erreskatatzeko.
Athleticek hotz hasi zuen partida, aurkaria zelai gainean nola mugitzen zen jakin nahiko balu bezala. Azterketa fasea, normalean, bost hamar minutukoa izaten da, atzokoan, baina berrogeita bost iraun zituen. Augsburg, aldiz, ideia askoz argiagoekin zelairatu zen. Atzean sendo, eta erasoan joko zuzena eta kontraerasoak. Horrekin aski izan zuen Athletic deseroso jokatzera behartu eta urduritzeko. Hala ere, lehen aukera ona Adurizek izan zuen, ate aurrean 6. minutuan.
Lehen zatia luzatu ahala, baina, Augsburg hazi egin zen, eta zelai erdia okupatzen joan zen, batez ere, Baierren jokoari esker. Athleticen bizkar hazi gainera, etxekoak ez zutelako biderik aurkitu. Landuriko taldea da, ahal fisiko handikoa eta lehen aukeran sartu zuen gola (14. min). Lekue baloia atzetik jokatzen saiatu zen baina huts larria egin zuen —atzelari gazteak partida osoan sumatu zuen hutsaren zama—. Altintopek area barruan baloia hartu eta atera jaurti zuen. Herrerinek geldiketa ona egin zuen, baina aldaratzean Etxeita baldar aritu zen, eta Altintopek berak bidali zuen baloia sareetara. Golak are gehiago urduritu zuen Athletic eta Augsburgek aukera onak izan zituen kontraeraso zein kornerretan. Herrerinekin egin zuen topo. Atezaina izan zen onena eta meritu handiko geldiketak egin zituen bi zatietan.
Athleticek oldarkorrago jokatu zuen bigarren zatian, baina baita irekiago ere. Atea zaintzeko, baina, Herrerin zuen. Erritmorik gabe, geldikako jokaldi batean iritsi behar zen gola, eta hala izan zen. Adurizek burukada bikainez sartu zuen, korner batean (55. min). Gol erdia, baina Etxeitaren meritua izan zen, ikustekoa izan baitzen Klavan Adurizen markatzaileari area barruan egin zion
blokeoa. Saskibaloi pibot gogorrenak ere sinatuko zukeen.
Golak mesede egin zion Athletici eta hamar minutu geroago sartu zuen bigarrena. Susaeta buruz buruko jokaldi bati esker sartu zen arean, eta bere pasea, nola ez, Adurizek ehizatu zuen area barruan (55. min). Lasaitasunaren gola azken aurreko minutuan iritsi zen, eta hori bai Susaetak sartu zuen. Buruz buruko beste jokaldi eder batean sartu zuen, baloia orpoz eraman eta arean sartuz. Golak mesede handia egingo dio erdilariari.