Mallorca 0-0 Athletic

Aduriz ere gizakia da

Aurrelariak penalti bat huts egin du 95. minutuan, eta Athleticek ez du lortu merezi baino sari handiagoa. Mallorca hobeto aritu da, eta beste penalti bat huts egin du.

Unai Lopez Athleticeko jokalaria baloiarekin aurrera egiten. CATI CLADERA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 13a
21:02
Entzun

Aritz Aduriz hezur haragizkoa da. Hark ere noizean behin huts egiten du. Bartzelonaren aurka heroia izan zen, eta atzo ezin izan zuen errepikatu. 95. minutuan penaltia huts egin zuen, epaileak VARa begiratu ondoren adierazi zuenez. Reina atezainak gelditu zion, eta bide batez justizia egin, Athleticek ez zuelako merezi irabazterik. Puntu bat, eta eskerrik asko. Mallorcak, askoz hobea bigarren zatian, beste penalti bat huts egin zuelako 81. minutuan. Baina tira, futbolean pragmatikoa izan beharra dago, eta zuri-gorriek ez dute porrotik izan lehen lau jardunaldietan. Bada zerbait.  
Motel antzean hasi zen partida. Bi taldeek elkarri neurria hartzeko baliatu zituzten lehen minutuak. Biak sendoak dira atzean, eta hutsak eragozten saiatu ziren. Athleticek izan zuen jokoaren ekimena, baina arrisku handirik sortu gabe. Kontrol antzua zen. Aukerarik onena Raul Garciaren burukada bat izan zen, atera eginiko jaurtiketa bakarra. Mallorca, bitartean, kontraerasoan saiatu zen, baina  fede handirik gabe. Azken jokaldian izan zituen bi aukera bakarrak: Sevillaren falta jaurtiketa eta Athleticek ondoren gaizki zaindutako kornerra.
Lehen zatian eginikoa ez galtzeko adinakoa zen, baina irabazteko gehiago behar zuen Athleticek. Pauso hori eman zuena, baina, Mallorca izan zen. Etxekoek oso oldarkor ekin zioten bigarren zatiari, goian presionatu eta jaberik gabeko baloiak gogor lehiatuz. Athleticek faltekin eten behar izan zuen sugar hori, eta asko sufritu zuen geldikako jokaldietan. Halako batean iritsi zen Mallorcaren aukerarik onena, baina Lago Juniorrek ez zuen asmatu.
Gaizka Garitano ez zegoen gustura ikusten ari zenarekin, eta aulkian bilatu zuen konponbidea. Eta aurkitu zuen. Beñat eta Aduriz zelairatu zituen, eta taldeak eskertu zuen. Zentzua eta patxada eman zizkioten jokoari, eta Athleticek, baloia berreskuratzeaz bat, arnasa hartu zuen. Raul Garciak aukera oso ona izan zuen ate aurrean, baina kanpora bidali zuen.
Vicente Morenok ere konponbide bera bilatu zuen, eta aldaketek beste abiada bat sartu zioten jokoari. Okubo japoniar trebeak hankaz gora jarri zuen Athelticen atzeko lerroa. Hura zelairatu eta gutxira, Salva Sevillak zutoinera bidali zuen area barrutik eginiko jaurtiketa (75. min.). Sei minutu geroago Okubok buruz buruko jokaldia bilatu zuen area barruan, eta Yurik penalti garbia egin zion. Ez zegoen zalantzarik. Abdonek bota, eta baloia zuzenean bidali zuen kanpora.
Bi aukera oso garbi
Athletic lotuta zegoen, eta hala ere bi aukera oso garbi izan zituen. Zulotik ateratzea lortu, eta Larrazabalek baloia langara bidali zuen 91.minutuan. Eromena hasi baino ez zen egin; hurrengo jokaldian, Babak area barruan baloia eskuarekin ukitu, eta epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi zuen. Adurizek ez zuen sartu. Partidak amaitua zirudien, baina ez, Mallorcak gola sartu baitzuen 97.minutuan, Gonzalez Fuertesek ez zuen ontzat eman. Guztiaren balantzea eginda, Athleticen alde atera zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.