Europa Ligan Sassuoloren aurrean itxura kaskarra eman ostean, Espainiako Ligan bigarren garaipena lortu du Athleticek San Mamesen. Etxeko lehen garaipena eta ligan jarraian lortutako bigarrena da, eta sei punturekin, goranzko bidean dago orain Athletik sailkapenean.
Valentzia izan dute arerio zuri-gorriek, eta ez dute partida nahi bezala hasi. Bigarren minuturako, Nanik eskubitik jokaldia egin, eta haren pasea Medranek sareratu du bigarren zutoinean. Athleticek, ordea, Aritz Aduriz dauka. Donostiarrak 24. minutuan egin du berdinketaren gola, Beñaten erdiraketa bat buruz errematatuz. Lehen zatia amaitzeko minutu gutxiren faltan heldu da donostiarraren bigarren artelana; Beñatek Valentziako atzelarien bizkarrera pasea eman, eta Adurizek Alves atezaina gainetik gainditu du. 2-1.
Nekea nabaritu du bigarren zatian Athleticek, nahiz eta izan duen aukerarik hirugarren gol bat egiteko ere. Hala ere, erabakigarria izan da Kepa Arrizabalaga atezaina, besteak beste Rodrigok egin zezakeen gol bat galaraziz.