Futbola-Europako Liga

Adurizek petrolioa aurkitu du (0-1)

Athleticek Marseillan irabazi du aurrelariaren gol bikainari esker eta ondo bideratu du Europa Ligako kanporaketa

Aritz Aduriz gola ospatzen. OLIVIER ANRIGO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko otsailaren 18a
23:34
Entzun

Gola. 0-1: Adurizek (54. min.).

Epailea. Craig Thomson. Txartel horiak Olympiqueko Diarra eta Islari; eta Athelticeko Beñat, Balentziaga eta Elustondori. Bestelakoak. 22.000 ikusle velodrome estadioan.

Zuloa egin eta petrolioa aurkitu. Hori da Aritz Adurizen bedeinkapena sasoi honetan. Atzo Marseillako Velodrome mitikora eraman zuen pikatxoia, eta bigarren zatian lurrean bi kolpe ematea aski izan zuen kanporaketa ondo bideratuta uzteko. 63. minutuan izan zen, atetik berrogei metrotara zegoen jaberik gabeko baloi bat boleaz astindu eta gol ikusgarria sartu zuenean. Kalitate zertzelada horri esker Athleticek emaitza oso ona lortu du itzulerako partidarako. Gauzak hala, Olympique heldu den ostegunean San Mamesen irabaztera behartuta dago.

Aduriz altxorra da. 35 urterekin sasoi bikainean dago eta dagoeneko 26 gol sartu ditu. Denboraldi batean lorturiko inoizko bere gol markarik onena da eta oraindik otsailean gaude. Atzokoan ez zuen sasoiko partidarik onena jokatu eta lehen zatian Olympiquek oso ondo zaindu zuen. Bigarrenean, aldiz, golarekin asmatu eta buruz buruko lehia ia guztiak irabazi zituen. Psikosia zabaldu zuen etxekoen atzeko lerroan, eta bigarrena sartzeko aukera pare bat izan zituen.

Gatz eta piper guztia, baina, bigarren zatian iritsi zen, aurreneko zatia aspergarria izan baitzen. Taktikazale eta entrenatzaile izateko ikasleek gozatua hartuko zuten, baina futbol ludikoaren mireslea ez zen eserlekutik altxa zati guztian. Bi taldeek oso gutxitan zapaldu zuten aurkariaren area. Bi entrenatzaileek sakon zuten aztertua aurkaria, eta desegite lana izan zen sormenezkoa baino gehiago. Arbelak jokoa irentsi zuen, eta ordenak irudimena.

Marseillak hobeto ekin zion lehen zatiari eta Athleticek apurka gaina hartu zion. Gain hartze hori baina ia ez zen nabaritu, ez baitzuten aukerarik izan. Errespetua, edo beldurra, beste guztiaren gainetik egon zen. Joko horretan Lass Diarra nabarmendu zen. Euskarri beteranoa da Olyimpiquen itsasargia eta atzo zelai erdiko bataila irabazi zion Beñati.

Oldarkorrago

Atsedenaldiaren ondoren, baina, partida aldatu egin zen. Athletic oldarkor irten zen eta Olympiquek pauso bat eman zuen atzera. Ordu laurden behar izan zuen lehen aukera sortzeko eta orduan iritsi zen gola. Kolpe handia izan zen eta Olympique dardarka utzi zuen. Hurrengo bi minutuetan Adurizek eta Merinok bigarrena sartzeko aukera on bana izan baitzuten. Mandanda atezainak eta zutoinak eragotzi zuten baina.

Emaitzak Olympiquen aldaketak eragin zituen. Etxekoen jokoa pixka bat suspertu zen eta partida bera ireki egin zen. Irudimenak hartu zuen giharraren tokia eta horri esker sustoa eman zuten. 84. minutuan izan zen, Thauvinek area barruan Diarraren pase bikaina kontrolatu eta bere jaurtiketa zutoinera joan zenean. Etxeitak oin puntarekin ukitu zuen. Aukera ona izan zen, baina bere taldearen garbi bakarra.

Athleticek, aldiz, beste pare bat izan zituen, garbiena, nola ez, Adurizek (83. min), baina oso gutxigatik joan zen kanpora. Bigarren zatian Athleticeko jokalariek ofizio handia erakutsi zuten eta Williamsek eta Merinok baloi garrantzitsuak kontrolatu zituzten aurkariaren zelaian. Atzeko lerroan, aldiz ez zen huts egiterik egon. Olympiqueri ez zioten zirrikiturik utzi eta ideia falta sumatu zitzaion. San Mamesen irabazi nahi badu atzo baino futbol gehiago erakutsi beharko du. Partida horretarako Athleticek Beñaten hutsunea izango du, atzo hirugarren txartel horia erakutsi baitzioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.