Jasotako muturrekoa jasota ere, eskertzekoa da Angolako jokalarien jarrera. Zer eginik ez zutela jakitun, partida bizia jokatzea erabaki zuten, alde batetik bestera, erritmo bizian, defentsan sobera saiatu gabe. Berehala jabetu ziren gainera zetorkien erauntsia geratzea ezinezkoa izango zela: AEBak 33-13 aurreratu ziren lehen laurdenean. Partidak bilakaera bera izan zuen azken hiru laurdenetan. AEBetako Kevin Durant eta Chauncey Billups izarrek ohi baino minutu gutxiago jokatu zituzten, baina haien ordez kantxaratu zirenak protagonismo gose handia erakutsi zuten, eta kupidarik gabe zapaldu Angolakoak.
Askoz parekatuagoa espero zen Errusia eta Zeelanda Berriaren artekoa, eta hala izan zen. Errusia zen faborito, eta horretan ere bete-betean asmatu zuten aurreikuspenek. Hirugarren laurdenean hautsi zuen partida Errusiak, Vorontxevitxen hirukoei eta Mozgoven erreboteei esker. 38-34kotik 51-35ekora pasatu zen lau minutuan, eta hortxe bukatu zen tall blacks-en kemena.
Argentina-Brasil, lehia bikaina
Arratsaldean geratzen diren bi final-zortzirenak jokatuko dira: Lituania-Txina eta Argentina-Brasil. Txartel batek jabea du jokatu aurretik: Lituania. Batez ere Txinak maila kaskarra eman duelako, eta txiripaz lortu duelako final-zortzirenetako txartela. Borroka askoz handiagoa espero da Argentina eta Brasilen artean. Argentina hobeto aritu da lehen fasean, baina Brasilgo entrenatzailea Magnano argentinarra da. Baskonian aritutako, edo ari diren bost jokalari kantxaratuko dira, eta denak erabakigarriak: Oberto, Scola eta Prigioni Argentinari dagokionez; Huertas eta Splitter Brasili dagokionez.
Lehiaketa
FINAL-ZORTZIRENAKLARUNBATEAN
Serbia-Kroazia 73-72
Espainia-Grezia 80-72
HERENEGUN
Eslovenia-Australia 87-58
Turkia-Frantzia 95-77
ATZO
AEB-Angola 121-66
Errusia-Frantzia 78-56
GAUR
Lituania-Txina 17:00
Argentina-Brasil 20:00