Aferak segi ez dezan

Realak argitu egin beharko lituzke Diego Rivasekin dituen asmoak, gehiegi luzatu den eztabaida amaitzeko.

Diego Rivas, eta haren atzetik David Zurutuza, Zubietan, entrenamendu bat hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Rivas ondo dago. Esan dut esan beharreko guztia. Ez dut nahi gai honek inori gaizki eragiterik. Talde bat gara, eta helburu bat daukagu. Rivasek erakutsi du baleko jokalaria dela guretzat hemendik ekainaren 22ra bitarte. Ez dugu erabakirik hartu etorkizunari begira. Ez gara pentsatzen hasi datorren denboraldietan. Besterik ez dut esango aurrerantzean, bestela beti ibiliko garelako foiletoi honekin bueltaka». Halaxe mintzatu zen Martin Lasarte atzo, Diego Rivasen egoeraz (Ciudad Real, Espainia, 1980) eta aste honetan izan diren albisteez galdetu ziotenean. Ez dago garbiago hitz egiterik. Argi dago azalpenak emateaz nekatuta dagoela uruguaitarra, eta ez da gutxiagorako.

Joan den asteartean, egunkari batek argitaratu zuen Trabzonspor Turkiako taldeak Rivasi eskaintza bat egin diola hiru denboraldirako —oraingoa eta beste bi—. Biharamunean, hedabideen aurrean azaldu zen jokalaria, albistea baieztatuz. Ekonomikoki eta kirol arloan «oso eskaintza erakargarria» zela, bere eta bere familiaren etorkizunean pentsatu beharra zeukala eta erabakia egun horretan hartu beharra zegoela adierazi zuen, Turkian fitxatzeko merkatua arratsaldean bukatzen zelako. Pilota Realaren teilatuan utzi zuen. Halaber, zera esan zuen bere egoerari buruz: «Entrenatzaileak gauza bat dio, kirol arduradunek beste bat, eta zuzendaritzak beste bat».

Handik minutu gutxira, klubak prentsa ohar bat atera zuen Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariaren hitzekin. Besteak beste, esan zuen Realak Trabszonsporren eskaintzarik ez zuela jaso, eta Espainiako Liga Profesionalaren (LFP) eta Nazioarteko Federazioaren arabera (FIFA) Turkian fitxatzeko merkatuaren epea amaituta zegoela. «Ez dago Rivas afera-rik», esan zuen Lorenek. Ekainean bukatzen zaio kontratua Rivasi, eta ez du eskaintzarik jaso: «Halako egoerak ohikoak dira futbolean. Reala egoera pertsonalen gainetik dago». Egun horretan bertan, beste komunikabide batek jakinarazitakoaren arabera, Trabzonsporrek epea amaituta zegoela baieztatu, eskaintza ukatu, eta Rivas fitxatzeko interesik ez zuela argitu zuen.

Gertatutako guztiak frogatzen du, Lorenek esandakoaren aurka, afera egon badagoela eta lehertu egin dela. Begi bistakoa da Rivas eta Lorenen arteko harremana ez dela batere ona. Jokalaria diskrezioz eramaten ari zen bere egoera. Horregatik da hain zaila ulertzea zer bilatu duen azken mugimendu horrekin. Baliteke ordezkariarekin adostutako mugimendu bat izatea bere burua merkatuan jartzeko, Reala estutzeko, edo aske uzteko prest badagoen ikusteko. Ia eguneroko kontua dira futbol munduan asmatutako eskaintzak, edo eskaintza gisa aurkeztutako interes hutsak. Zelaian ematen ari den itxura bikaina zikintzea besterik ez du lortu Rivasek.

Funtsezko jokalaria

Une honetan, ezinbesteko jokalaria da espainiarra. Gehien jokatu duten jokalarien artean seigarrena da. Defentsa euskarri gisa parekorik ez du taldean, eta igoeran ere erabakigarria izan zen. Ez dauka inongo zentzurik klubak bere etorkizunari buruzko erabakia denboraldia bukatu arte atzeratzeak. Dagoeneko jakin beharko luke taldeak nahi duen ala ez. Pentsatzekoa da taldeko beste euskarri gazteak zer moduz moldatzen diren ikusi nahi dutela erabaki bat hartu baino lehen. Baina kezkagarria izango litzateke hori ere, Markel Bergarari zein Gorka Elustondori kontratua berritu zielako ez aspaldi, eta, horren arabera, konfiantza osoa eduki beharko lukeelako haiengan jada.

Hari mutur askoko mataza da, inondik ere. Realari Rivasi kontratu laburra eta orain baino baxuagoa egitea komeni zaio, euskarri gazteen trantsizioa errazten laguntzeko eta, aldi berean, berme handiko euskarria edukitzeko. Rivas, berriz, bere azken kontratu handiaren bila dabil, aste honetan ikusi ahal izan denez. Logikoa da, 31 urte beteko dituelako aurki. Bien interesa uztartzea ez litzateke erraza izango, baina Realak bere jarrera argitu beharko luke, eskaintza zehatz batekin, edo eskaintza egiteko asmorik ez duela esanez. Zurrumurruei bide ez emateko modurik onena hori da.

Bide onetik doa Reala Ligan, eta bide horretatik aldentzen duen gerrarik ez du behar. Tamalez, konnotazio ugari dituen afera da Rivasena. Bi egunkariren arteko lehia irudikatzen du: bata jokalariaren aldekoa, eta bestea kontrakoa. Zaleen artean ere bolo-bolo dabil eztabaida. Batzuek esango dute bere garaian Iñaki Badiolaren alde azaltzeagatik gaizki tratatzen ari dela Reala Rivas. Beste batzuek, bere jatorria dela arrazoia. Betiko mamuak haizatzeko joera ez da desagertu, gauzak ondo doazen arren. Afera bertan behera uzteko, zezena adarretatik heldu beharra dago: «Presidenteari esan diot ahal bezain laster esan beharko geniokeela zerbait. Zintzoak izan behar dugu». Lasarteren hitzak dira. Duela astebete ingurukoak. Argiago esaterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.