Italiako egonaldiaren ondoren, «taldea prest dago jada denboraldiari ekiteko», Imanol Agirretxe Realeko aurrelariaren arabera. Realak lau partida jokatu ditu astebetean Italiako lurretan, eta, jokalariaren ustez, «taldeak eman du beharrezkoa zuen saltoa». Dena den, zer hobetua baduela aitortu zuen atzo Usurbilgoak: «Iazko denboraldian baino lan hobea egiteko gai ikusten dut taldea, baina esan beharra dago zuzendu beharreko huts asko egin ditugula lagunarteko partidetan». Hori konpontzeko entrenamenduetan lan ona egin beste erremediorik ez dagoela azaldu du.
Aurrelaria «ondo» sentitu da: «Pozik egon naiteke Italiako egonaldiarekin. Taldea sendo dago, eta ni ere gaizki ez». Iazko sasoian, taldean gol gehien sartu zutenetako bat izan zen, bigarrena, eta aurten ildo beretik jarraitzea espero du. Philippe Montanierren apustuetako bat da Agirretxe, Llorenteren hutsunearen ondoren Ifranekin soilik lehiatuko baita aurrelari posturako. Realak Bartzelonaren etxean jokatuko du ligako estreinako partida.
Agirretxe: «Zer hobetua badugu, baina prest gaude ligari ekiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu