Imanol Agirretxe Realeko aurrelariak ebakuntza gelatik igaro beharko du berriro ere, orkatilean duen lesioa gainditzeko. Klubeko mediku zerbitzuek azaldu dutenez, datorren irailaren 16an egingo dio ebakuntza jokalariari Herbereheetako Niek Van Dyck medikuak. Aurreikuspenen arabera, beste hiru hilabete beharko ditu osatzeko, baina guztia lesioaren bilakaeraren arabera joango da.
Agirretxek joan den denboraldiko abenduaren 30ean min hartu zuen Santiago Bernabeu zelaian, Keylor Navas Real Madrileko atezainak egindako sarrera gogor bat jasan ondoren. Hasiera batean edozein ebakuntza alde batera uztea nahiago zuten medikuek, baina, azkenean, apirilaren 11n ebakuntza gelatik igaro behar izan zuen jokalariak, Madrilen. Ondoren, Zubietan errekuperazio lanean hasi zen, baina sekula ez zuen lortu orkatileko minak alde batera uzterik. Horregatik, joan den uztailean Niek Van Dycken kontsultara jo zuten. Mediku hori aditua da orkatileko arazoetan; besteak beste, Cristiano Ronaldori ebakuntza egina da. Eta, hark aginduta, usurbildarrari berriro ebakuntza egingo diote.