Aguirre zain dute gorritxoek

Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoa jokatuko du Osasunak gaur Atletiko Madrilen aurka

edurne elizondo
2007ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun


Espainiako Kopakofinal-zortzirenetako joanekoa jokatuko du Osasunak gaur Atletiko Madrilen aurka
edurne elizondo

Iruñea

Liga bazter utzi, lehentasuna Espainiako Kopari emateko. Final- zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute gaur Atletico Madrilek eta Osasunak, Espainiako hiriburuan. Kutsu berezia badu norgehiagokak, kirol esparrutik at: batetik, gorritxoen entrenatzaile ohi Javier Aguirrek zuzentzen duelako Atletico Madrilen jokoa; eta, bestetik, aurkariaren Vicente Calderon zelaian galdu zuelako Osasunak duela bi urte Betisen aurka jokatu zuen Espainiako Kopako finala.

Gorritxoek beren garairik onenetako bat bizi izan zuten Aguirreren eskutik. Betisen kontrako aipatu finala jokatu zutelako, nahiz eta galdu, eta mexikarrak taldea Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatuta utzita alde egin zuelako. Jose Angel Zigandaren aroa da oraingoa Osasunaren barnean, eta gorritxoek helburu bakarra dute: kanporaketa gainditu, eta final-laurdenetarako sailkatu. Aguirre gabe ere Kopan aurrera egiteko gai direla erakutsi alegia.

Ez hori bakarrik. Duela bi urteko arrakastaren ondoren, porrotaren ordua iritsi zitzaien gorritxoei iaz Espainiako Kopan. Deportivo taldeak lehiaketatik kanpo utzi zuen Osasuna hasi bezain pronto. Arantza hori atera nahi dute nafarrek.

Ziganda igandean hasi zen gaurko partida prestatzen. Realaren kontra larunbatean galdu ondoren, atseden hartzeko aukerarik ere ez zuten izan jokalariek. Ez baitute atsedenaldirako denborarik. Atzo, halaber, ateak itxita aritu ziren gorritxoak Taxoaren, goizean.



CUELLAR ETA GARCIA, HASIERATIK. Atletico Madrilen aurka zelairatuko duen hamaikakoari buruz, ezer gutxi aurreratu zuen atzo Zigandak. Cuellar eta Raul Garcia hasierako taldean izanen direla, besterik ez. Gainontzekoei buruz: «Hamaikakoa buruan dut, baina ez dut ezagutarazi nahi». Gaur emanen du zerrendaren berri, Madrilerantzhegazkinez abiatu aurretik.

Zigandak garbi du, halaber, Vicente Calderonen zer-nolako emaitza lortu nahi duen: «Norgehiagoka ez galtzea, eta golen bat sartzea, emaitza ona izanen litzateke». Kanporaketa Iruñean erabaki ahal izateko.

Aurkariarekin ez da fiatzen nafarren entrenatzailea. «Ligan arazoak izan ditu etxean, baina Kopa beste kontu bat da», esan zuen atzo. Aldi berean, bere jokalariak lan ona egiteko gai badirela sinetsita dago Ziganda. «Azken partidetan erakutsi dugun jarrerari eustea izanen da aurrera egin ahal izateko giltzarrietako bat».

Anoetan aritu zen taldearekin alderatuta, hainbat aldaketa eginen omen ditu Zigandak hasierako hamaikakoan. Valdok eta Delportek min hartuta jarraitzen dute, eta ezin izanen dira aritu. Raul Garciarekin batera, Cuellar ziurtzat jo du Zigandak hasierako taldean. Jokalariak, hain zuzen ere, «berezitzat» jo zuen atzoko entrenamenduaren ondotik Espainiako Kopa, eta gorritxoek aurrera egiteko interesa badutela azpimarratu zuen. «Realaren aurka galdu arren, bide onetik goaz. Gure helburua da Kopako finalera iristea, eta irabaztea», gaineratu zuen.



LEO FRANCO GABE.Finalera iristeko lehen urratsa final-laurdenetarako sailkatzea da, eta, horretarako, Atletico Madrili egin behar dio aurre Osasunak lehendabizi. Aguirrek zuzentzen duen taldean min hartuta dagoen jokalaririk ere bada, Leo Franco atezaina hain zuzen ere. Haren kalitatea nabarmendu du Zigandak, baina Franco gabe ere, Atletico Madril talde sendoa dela ohartarazi du. Itzuliko partida datorren astean, hilaren 17an, jokatuko da, 21:00etan.



Zigandak gaur jakinen du eserlekuan egoterik izanen ote duen ed0 ez

Azken unera arte zalantzazkoa izanen da Jose Angel Kuko Zigandak partida eserlekutik zuzendu ahal izanen ote duen, gaur 18:00etan eginen baitu bilera Lehiaketa Batzordeak. Epaileak Ziganda kanporatu zuen Anoetan, baloia oinarekin gelditzeagatik. Osasunak bere entrenatzailea ez dezala zigortu eskatu dio Batzorde Lehiaketari. Erabakia partida hasi aurretik jakinen da.

Realaren kontrako partidak hautsak harrotu ditu gorritxoen artean. Ez bakarrik Ziganda kanporatu zutelako. Epailearen lana zalantzan jarri dute gorritxoek, eta haien kontrako penaltia adierazi zuenean zorrotzegi jokatu zuela azpimarratu dute. Osasunako jokalarien haserrearen adierazgarri dira larunbateko partidaren harira Juanfran gorritxoak egin dituen adierazpenak: «Haserre gaude. Emaitza ez da bidezkoa, eta triste gaude», erran du.

Penaltirik ez zela izan, eta Osasunak Realak baino hobe jokatu zuela argi du Juanfranek. Puntuak, hala ere, Donostian gelditu ziren larunbatean. Porrotak Osasunaren azken jardunaldietako bolada ona apurtu zuen, aurreko bost partidak irabazi baitzituzten gorritxoek Ligan.

Espainiako Kopa baliatuko dute gaur nafarrek Ligako azken gertaerak ahazteko. Juanfranek nabarmendu du lehiaketa polita dela Kopa, eta jokalariak duela bi urteko arrakasta errepikatzeko gogoz daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.