FUTBOLA

Agur, burua oso tente

Luzapena amaitzear zela Tamiresek sartutako gol batek kanporatu du Athletic Txapeldunen Ligatik. Agur esan arren, zuri-gorriek erakutsi dute onenen artean lehiakor izan daitezkeela.

haritz gallastegi
2016ko urriaren 13a
08:54
Entzun

Golak. 1-0: Damjanovicek (49. min.). 1-1: Erika Vazquezek (69. min). 2-1: Larsenek (84. min.). 3-1: Tamiresek (119. min.). Epailea. Katalin Kulcsar (Hungaria). Txartel horiak: Athleticeko Maite Orozi. Bestelakoak. 1.500 ikusle inguru Hjorringeko (Danimarka) Bredband Nord Arenan.

Galtzea mingarria da. Beti. Inork ez du gustuko kanpoan geratzea. Luzapeneko azkeneko minutuan jasotako gol baten erruz Txapeldunen Ligari agur esateak are handiagoa egiten du zauria. Eta gol hori legez kanpokoa dela jakiteak sortzen duen amorrua neurtzen hasiz gero, ezinak goia jo dezake —Tamiresek eskua erabili zuen baloia kontrolatzeko—. Bada, hori guztia buruan etengabe darabiltela itzuli dira etxera Athleticeko jokalariak. Datorren astelehenean Nyonen (Suitzan) egingo den zozketan egoteko sekulako aukera galdu zuten sentsazioa izango dute. Eta ez da erraza izango galdutako aukera burutik kentzea. Ez, behintzat, epe laburrean.

Baina Fortuna Hjorringen kontrako kanporaketaren beste irakurketa bat ere egin daiteke. Gauza on asko utzi dituelako. Talde zuri-gorriak sarri askotan erakutsi du irabazle sena daukala. Ez da oraingo kontua. Danimarkan berretsi egin zuen lehendik ere jakinekoa zena. Ondo lehiatu zuen. Sufritzen dakiela erakutsi zuen. Ez duela sekula amore ematen: ez aurrean duen talde onak estutzen duenean, ezta lesioak direla medio taldeko bi futbolaririk onentsuenak berdegunea utzi behar dutenean ere. Athleticek garesti ordaindu duelako Txapeldunen Ligan parte hartzea. Joanekoan Garazi Murua lesionatu zen, eta atzo Vanesa Gimbert eta Nekane Diez. Hiru zutabe. Hala ere, aurrera egin zuen.

Athleticeko jokalariek jakin bazekiten gutxienez gol bat sartu beharko zutela Fortuna kanporatzeko. Atzean sartuta ez zutela aukerarik izango. Hortaz, Brendand Nord Arena hotzean protagonista izateko asmoz zelairatu ziren. Lehen minututik baloiaren jabe izaten ahalegindu ziren. Neurketa hasieran kontrolpean izan zuten aurkaria, baina espero zen bezala, Fortunak aurrera egin zuen. Danimarkarrak futbolari indartsuak dira eta apurka-apurka zelai erdian nagusitzen hasi ziren. Behin baloia berreskuratuta, hegalak baliatzen zituen arriskua sortzeko. Jokoaren ekimena etxekoena izan arren, Athleticek izan zuela lehen zatiko aukerarik onena. Lehen ordu erdia betetzear zela Nekanek eta Yulemak hormarena egin zuten eta hegalekoa bakarrik geratu zen Christensen atezainaren aurrean. Maisutasunez loratu zuen baloia, baina gipuzkoarraren jaurtiketak zutoina jo eta kanporako bidea hartu zuen. Handik bi minutura Larsenek buruz sareetara bidali zuen burukada, baina epaileak baliogabetu egin zuen aurrelariak Eunateri bultza egin ziolako.

Golak, 84. eta 119. minutuetan

Lehen zatia amaitu bitartean zein bigarren zatiaren hasieran danimarkarrak askoz gehiago izan ziren. Zelaian ikusten zena markagailuan ere islatu zen. Damjanovicek falta jaurtiketa bikain bati esker aurreratu zuen etxeko taldea, eta Fortunaren alde jarri zuen kanporaketa. Athleticen unerik larriena izan zen. Nahi eta ezin ari zen Erikaren talentua agertu zen arte. Ederra izan zen Orozek, Alaznek eta aurrelari beteranoak josi zuten jokaldia berdintzeko gola lortzeko. Berriz ere alde zuen kanporaketa talde bizkaitarrak. Baina bost minutu falta zirela, Larsenek baliatu zuen etxeko taldeak ateratako hamar kornerretatik bat lehia parekatzeko. Luzapenak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenean, Athletic nagusi izan zen, eta bigarrenean, etxekoak gailendu ziren. Azken minutura ailegatu zen arte. Penaltietan pentsatzen hasiak zirenean Tamiresen ezkerkadak erabaki zuen kanporaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.