Agur!

Mikel Olasagasti
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bukatu da. Nahi baino beranduago, baino bukatu da. Luze jo du aurtengoak. Niri bai, behintzat. Ez da erraza denboraldi osoa zuloan sartuta ibiltzea. Buruak buelta asko ematen ditu. Eta, fisikoki ez ezik, mentalki ere indartsu mantentzea ezinbestekoa da. Askotan behea jotzen duzu, baina albokoaren animoek eta taldeko giroak altxatzen laguntzen dizu. Sarri entzun dut aurten taldekideen artean «lortuko diagu, mutilak!». Baina igandeko azken palada eman arte... Orain lasai esan dezaket: lortu diagu!! Atzo goizean Interneteko sare sozial horietako batean sartu, eta taldekide baten mezua nuen. Ireki, eta honela hasten zen: «Egun on, TKEko arraunlariok».

Behin baino gehiagotan kritikatu dut TKE. Egia da gauza asko daudela hobetzeko, eta arraunlarion iritziak gehiago balio beharko lukeela. Gu baikara protagonistak. Baina zerbait ona ere izango du, denok hor egon nahi baitugu. Eta aurtengoak horretaz ohartzeko balio izan dit. Batez ere larunbatean eta igandean, gu, Zumaiako arraunlarion inguruan zegoen giroa ikusita. Presioa izugarria zen. Agian, geure buruari jarria gu geuk. Baina jakitun ginen jokoan zegoena asko zela. Arraunaren lehenengo mailan segitu nahi genuelako, eta hori TKE baita.

Eta amaitzeko, zorionak beste astebetez Urdaibairi. Hori da denboraldi amaiera. Biribila. Kontxako Bandera eta San Miguel liga. Erritmo egokia hartua zuten, eta indartsuenak iritsi dira denboraldi amaiera honetara. Haiei, guri ez bezala, motza egingo zitzaien denboraldia. Irabazten ez baitzara aspertzen; galtzen bai, ordea. Aipamen berezia merezi du San Juanek ere, isil-isilik lan paregabea osatu dute arrosa kolorekoek. Igo berriak izan arren, beterano batzuk ziruditen. Aurtengo taldeen artean, ezustekoa izan da, dudarik gabe. Hurrengo urtean Camargoko berdeek nahiko dute definizio hori eraman beren soinean.

P.D.: Gustura jardun dut nire iritziak plazaratuz asteartero txoko honetan. Zuei ere gustatuko zitzaizuelakoan agur esaten dizuet. Plazera izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.