Nolakoa izan behar zuen gaurko norgehiagokak? Lasaia, tramite hutsa. Zertarako? Denboraldi amaieran taldea utz dezaketen jokalari guztiei agurra emateko. Realak, baina, ez ditu etxeko lanak ondo egin, eta partida erosoa eta estutasunik gabekoa behar zuena presioz beterik dator. Agurrak, omenaldiak, esker oneko agerpenak, bukaerarako utzi beharko dira, taldea mailari eusteko borrokan dabilelako oraindik, eta hori edozein jokalariren gainetik dagoelako. Helburua lortzea, kalbarioa amaitzea, eta alde egingo dutenek zelai erditik agur esan ahal izatea izango litzateke onena. Aukera daukatenek, noski, denak ez baitaude deialdian.
Izan ere, zortzi jokalarik utziko dute kluba sasoi bukaeran. Bederatzi ere izan daitezke. Nihat da horietako bat. Denboraldi gogorra eta tristea izan du, iaz belaunean min hartu zuenetik ez baitu lehengo maila berreskuratu. Bere inguruan izan diren gorabehera eta zurrumurru guztiek ere izango zuten zerikusirik. Izan ere, gauzak behar bezala egin izan balira, gaur egun ez luke taldean egon behar. Lesioak dena okertu zuen, baina, egoera ekonomiko larrian izanagatik, klubak ez zuen turkiarra saltzeko urtarrilean izan zuen azken aukera baliatu, eta bi milioi euro galduko ditu orduan koldar jokatzeagatik.Jokalariari ezin zaio deus leporatu. Maila kaskarra eman du azken norgehiagoketan, baina beti jokatu du zintzo. Hasieratik esan zuen oso zaila izango zela Realarekin kontratua berritzeko akordioa lortzea, eta Moskuko Spartakera joateko prest agertu zen urtarrilean. Dirutzaren truke, bai, baina jakinik nahikoa zuela sei hilabete itxarotea eskaintza askoz erakargarriagoak izateko, kirol arloan batez ere. Vila-realena, adibidez. Han jokatuko du hurrengo denboraldian. 58 gol sartu, eta poz ugari eman dizkio Realari. Hitz edo keinu txarrik gabe betiere.Albertok bezala. Atezain beteranoak ez du Realean jarraituko, baina ikusteko dago erretiroa hartzen duen. Westervelden fitxaketak aulkira bidali zuen, baina beti izan da prest, aukera izan duenean, taldeari laguntzeko. Anoetako atepean izango da gaur, azkeneko aldiz, bizitza guztian defenditu dituen koloreak defendituz. Bereak ez du izango Nihat edo Mark Gonzalezen agurren oihartzuna, baina bi horiek adina txalo edo gehiago jasotzea merezi du. Txiletarrak ere azken partida jokatuko du elastiko txuri-urdinarekin. Bere jarduna erabakigarria ari da suertatzen; ez, ordea, Viafararena: ez du taldean geratzeko adina meriturik egin, eta klubak ez du bera fitxatzeko ordaindu behar duen kopurua ordainduko milioi bat euro.Agurrak ez dira hor bukatzen. Boris, De Paula, Barkero eta Novok bide berbera segituko dute, ziurrenik. Oviedotik etorritako espainiarrak hutsaren hurrengoa jokatu du. De Paulak, berriz, Realean egiten ari zen ibilbide txukuna itsustu du azken bi denboraldietan, aurtengoan batez ere. Barkerok, aldiz, lan polita egin zuen iazkoan, segidan jokatzeko aukera izan zuenean, baina deialdietatik kanpo geratu izan da azken bolada luzean. Desberdina da Novoren kasua: jokatu, asko jokatu du, baina zelaian erakutsi duenak ez du bere soldata handia justifikatzen. Soldata horren zati bat Atletico Madrilek ordaindu du orain arte. Realean jarraitu nahi badu, gutxiagorekin konformatu beharko du espainiarrak, halabeharrez. Gabilondoren etorkizuna, azkenik, Realak egin ditzakeen fitxaketen menpe dagoela dirudi.
Hobe barrura begiratzea
Geratzen diren bi partidetatik bat irabaztea. Hori da helburua. Ahal dela, gaur Celtaren aurka jokatu behar duena, azken jardunaldian dena jokoan izatea nola edo hala saihestu nahi baitute txuri-urdinek. Lehen Mailara itzuli zenetik, halakorik ez zaio sekula gertatu Realari. Hiru puntuak lortuta, salbazioa eskuan izango luke, baldin eta Alavesek, Betisek, Espanyolek edo Racingek galdu egiten badute. Litekeena da Jose Mari Bakerok bi aurrelarirekin jokatzea, eta Nihat hamaikakora itzultzea. Osterantzean, Mikel Alonsok hartuko luke turkiarraren tokia. Garitano eta Riesgoren hutsuneak dauzka taldeak, eta Saizar eta Brechet dira berritasunak deialdian. Aurrean, Celta, Bigarren Mailatik iritsi eta denboraldi ikusgarria egin duen taldea sendoa 31 gol baino ez ditu jaso eta eraginkorra zazpi norgehiagoka irabazi ditu etxetik kanpo.
Realak, hala ere, bere buruari erreparatu nahi dio, azkenaldian joera nabarmena baitago kazetarien aldetik errudunak kanpoan bilatzeko. Azken norgehiagoka da horren erakusgarri. Jokalariek aitortu zuten oso partida txarra jokatu zutela, Cadizek errepaso handia eman ziela, baina komunikabide gehienentzat, Esquinas Torres izan zen Realak ezin zuela irabazi erabaki zuena. Ramon de Carranzako zaleen jarrera gaitzesten ere luze aritu dira batzuk, Anoetako zale askok Bartzelonari egin ohi dioten harrera beroa eta leuna espero zutelako, akaso. Edota Prietoren babesgabetasuna kritikatzen. Galde diezaiotela Lopez Ufarteri zer-nolako laztanak ematen zizkioten atzelariek, edota zer motatako infernuetan jokatzen zuten garai batean!
Agurrak, bukaerarako
Azken jardunaldia arte itxaron gabe, lehenbailehen ziurtatu nahi du Realak gaur salbazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu