Kirolean sekulakoa da irabaztea. Poza eta gozamena. Aurkariei gailentzeko hainbat modu daude. Erraz irabaz daiteke, edota larri. Arrauna ez da salbuespena. Baina, erraz edo larri, sufrimendua da nagusi, ahalegin betea. Castro aise dabil aurtengo San Miguel ligan. Erraz edo larri, banderak pilatu eta pilatu. Atzo, Zarautzen, ederki estutu zuen Oriok azken luzera arte. Direnak eta ez direnak jo behar izan zituzten gorriek Zarauzko Estropadetako lehen egunean nagusitzeko. Ahalegin betearen gozoa dastatu zuten helmugako baliza zeharkatzean La Marinera traineruko kirolariek.
Gaur biribildu beharko dute atzoko lana, Zarauzko bandera preziatua Castrora eraman ahal izateko. Atzo, makila osoa eta oihalaren zati handi bat bereganatu zituzten, baina gaur osatu beharko dute atzokoa. Sasoiko emaitzak eta ibilia aintzat hartuta, nahikoa eta gehiegi dira hamar segundoak. Oriok lan ederra egin zuen atzo, baina ezin izan zuen Castro menderatu. Gaur beste horrenbeste eginda ere, lanak izango ditu tarte hori jaten. Pedreña izan zen hirugarren, bigarren txandan aise irabazita; baina, estropada zoragarria egin arren, hamaika segundo kendu zizkion Castrok. Beraz, Zarauzko ikurrina desiratuak iazko bide bera hartuko du aurten ere, betiere gauzak normal ateratzen badira gaur.
Atzokoari dagokionez, normaltzat jo behar da Castrokoen jarduna. Askotan egin du atzoko gauza bera sasoi honetan. Azken bi luzeetan estropada hautsi. Ordura arte, Oriok soilik erakutsi zizkion hortzak. Azken txandako beste bi kideek, San Pedrok eta Hondarribiak, atzeraxeagotik ikusi behar izan zuten lehia. Lehen ziabogan, berdinduta zeuden oriotarrak eta Castrokoak. Aizperroren koadrila urterokoa ari zen erakusten: Zarauzko Estropadak heltzean sasoiko maila onena ematen dutela. Arraunean luze eginez, ligako menderatzaile nagusiaren pare jarraitu zuten bigarren luzean ere. Segundo eskas baten aldearekin zen aurretik traineru gorria. Baina hirugarren luzean urrutixeago ikusi zuten oriotarrek Castrokoen txopa. Lau segundoko tartea zen azken ziabogan. Azken luzean beste sei atera zizkion. Hamar denera. San Pedro hamaseira sartu zen, eta Hondarribia, hogeita bira. Alde handiak ziren, eta horrek esan nahi zuen bigarren txandakoren batzuek gainditu egin zitzaketela. Azkenean, Pedreñak lortu zuen hori, pasaitarren eta hondarribiarren aurretik sailkatuta. Urdaibaik ere gutxi behar izan zuen San Pedro gainditzeko, segundo pasatxoko aldea besterik ez baitzen izan azkenean bien artean. Hondarribia bai, Hondarribia gainditu egin zuen Bou Bizkaia-k.
Gaur, bigarren jardunaldia
Atzoko leku berean izango du gaur estropada San Miguel ligak (12:00etan, ETB1). Zarauzko Estropadetako bigarren egunak zehaztuko du zeinek irabaziko duen bandera, atzoko denborekin batuketa eginda. Gaurko txandak atzoko emaitzen arabera osatuko dituzte, eta Pedreña ariko da ohorezko txandan, Hondarribiaren kaltean. Gainerakoan, atzoko berak izango dira. Hala, lehen txandan, Tiran, Zumaia, Meira eta Arkote aterako dira; bigarrenean, Urdaibai, Hondarribia, Kaiku eta Zarautz; eta azkenekoan, Castro, Orio, Pedreña eta San Pedro. Ikurrinak jabea ia ziurtatuta badauka ere, bestelako kontuak dira bigarren posturako borrokan, hamabi segundoan baitaude Orio, Pedreña, San Pedro, Urdaibai eta Hondarribia.
Ahalegin betearen gozoa
Castrok irabazi du Zarauzko Estropadetako lehen jardunaldia, eta bigarrenari, Oriori, hamar segundoko tartea ateratzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu