Nahi eta ezin. Partida ona egin zuen Itxakok atzo, Leipzigen aurka, Txapeldunen Ligako aurreneko jardunaldian, baina nafarren lanak ez zuen saririk jaso. «Ez genuen galtzea merezi», azpimarratu zuen Lizarrako taldeko entrenatzaile Ambros Martinek partidaren amaieran. Triste zegoen, urrats sendo bat eginez hasi nahi zuelako Itxakok bere bidea Europan, eta, atzo, itxura ona eman arren, porrotarekin joan zirelako jokalariak etxera. Triste eta haserre haiek ere.
Lehia bizia izan zen atzoko partidaren ezaugarri nagusia, lehen unetik. Eta lehendabiziko zatian alemaniarrek hartu zieten aurrea etxekoei. Itxako ez zen gaizki aritu, baina bizitasun apur bat falta zitzaion defentsan lehenengo minutuetan, eta egoera horrek bidea eman zion aurkariari, pibota baliatuz, min egiteko. Itxakok eutsi zion erasoari, hala ere, eta partida galtzen hasi arren, hamabigarren minuturako 12na berdindua zuen. Serio ari ziren Martinen jokalariak, nahiz eta euren jokorik onena erakusteko zailtasunak izan zituzten.
Atsedenaldira 12-14 ko emaitzarekin ailegatu zen partida. Lizarrakoek erasoan egindako hutsak ordaindu zituzten, batez ere. Leipzigeko atezain Katja Schulkeren lana nabarmendu beharra dago, halaber, benetako harresi bilakatu baitzen jokalari nafarrentzat.
Bigarren zatiari gogor ekin zion Itxakok, eta istant batean, 14na berdindu zuen partida. Sumatu zen aldaketa defentsan. Hortzak estutu zituzten nafarrek, eta haiek ere pareta bilakatzen badakitela erakutsi zieten alemaniarrei.
Erasoan, ordea, jokoa ezin finduz jarraitzen zuten etxekoek. Itxakok, adibidez, hiru penalti huts egin zituen atzoko partidan. Hau da, emaitza bere alde jartzeko nahiko izanen ziren hiru jaurtiketa joan ziren kanpora atzoko norgehiagokan, penaltietan.
Eztabaida, amaieran
Partidaren amaieran, eztabaida nagusitu zen. Itxakok partida berdintzeko aukera zuen, Barbosak aurkariari lapurtutako baloiari esker, baina jokaldia bertan behera utzi zuten epaileek, Barbosak baloia hartu aurretik, ustez, Leipzigeko entrenatzaile Heine Jensenek hutsartea eskatu zuelako. Jaurtiketa egiteko aukerarik gabe gelditu ziren Itxakoko jokalariak. Eta norgehiagoka azken jokaldi horren zapore garratzarekin amaitu zen.
Aipatzekoa da, halaber, atzoko partida nolabait nahastu zuen bertze elementu bat: Lizarrako kiroldegian dauden itoginek norgehiagokan izan zuten eragina. Hainbat aldiz egin zuten irrist jokalariek, eta Itxakoko kideek behin eta berriz egon behar izan zuten pistara erortzen zen ura idortzen. Egoera horrek EHFko ordezkariaren eta jokalarien haserrea eragin zuen.
Irristaketak, galdutako baloiak eta zutoinera bidalitakoak gogoratu zituen Martinek, hain zuzen ere, partida amaitu eta gero. «Ez dugu zorterik izan. Partida hau ez galtzeko merituak egin ditugu, ordea». Taldeak defentsan egindako lana nabarmendu zuen entrenatzaileak, batez ere bigarren zatikoa, baina onartu behar izan zuen kontraerasoari behar zen etekin guztia ateratzen ez zutela asmatu haren jokalariek.
«Egin dugun lanak ez du saririk jaso. Porrotak behartzen gaitu hurrengo partidan are kontzentratuago ateratzera pistara, puntuak lortu ahal izateko. Lanean jarraitu behar dugu», erran zuen.
Indarrak neurtzeko hurrengo aukera, eta lehendabiziko puntuak eskuratzekoa, hilaren 16an izanen du Itxakok, datorren larunbatean, alegia. Egun horretan Austriako Hyporen aurka ariko dira Lizarrakoak, haren pistan. Aurretik, ABF Ligan, Mar Alakanti eginen dio bisita Itxakok, ostegunean.
Itxako 23
Leipzig 24
Itxako. Navarro, Barno (1), Pinedo, Jessica (4), Turey (2), Nerea (4), Begoña (4) -hasierako zazpikoa-, Alizar, Soit (3), Kurbanova (1), Barbosa (4, 1p).
Leipzig. Schulke, Lyksborg (2), Augsburg (4), Ericsson (1), Kudlacz (9, 3p), Rosler (2, 1p), Muller (4) -hasierako zazpikoa-, Haugen (1), Ulbricht (1), Daniels.
Markagailua. 3-2, 5-4, 7-6, 7-7, 11-11, 12-14 (atsedenaldian); 14-14, 17-17, 18-18, 20-19, 22-23, 23-24.
Epaileak. Gubica eta Milosevic. Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Barno; eta Leipzigeko Augsburg, Haugen (2) eta Muller (2).
Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru Lizarreria kiroldegian.
Ahaleginak ez du saririk jaso
Gol bakar batengatik galdu du Itxakok Txapeldunen Ligako aurreneko partida, Alemaniako Leipzig taldearen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu