Aho zabalik utzi ditu denak

Alberto Dainesek ezustean hartu die aurrea esprinter guztiei, eta Italiako Giroko 11. etapa irabazi du. Biniam Girmayk lasterketa utzi du

Alberto Dainese, garaipena ospatzen, atzo. TEAM DSM.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ez du erraz ahaztuko atzoko eguna Alberto Dainesek (DMS). Italiar gazteak ezustean irabazi zuen Italiako Giroko hamaikagarren etapa, azken metroetan izen handiko esprinterrei gailentzeko ahala erakutsita. Italiak dagoeneko eskuratu du estreinako garaipena aurtengo Giroan.

Egun lasaia izan zuten atzo ziklistek: 203 kilometro ordekan, batere desnibelik gabekoak. Halere, albiste txar batekin hasi zen eguna. Bezperako irabazleak, Biniam Girmayk (Intermarche), Giroa utzi behar izan zuen. Podiumean xanpain botila irekitzen ari zela kortxoak begian jo, eta ospitalera joan behar izan zuen. Medikuen aholkuei kasu eginez, lasterketa uztea erabaki zuen eritrearrak.

Etapari hasiera eman bezain pronto, Filippo Taglianik (Androni) eta Luca Rastellik (Bardiani) bakarrik alde egitea erabaki zuten, eta etapa erdia ihes eginda pasatu ostean, tropelak Bologna inguruan harrapatu zituen. 58 kilometroren faltan, berriz, Dries de Bondtek jo zuen erasoa (Alpecin), baina helmugarako kilometro eta erdi eskas falta zela harrapatu zuen. Esprintean, garaipena Arnaud Demareren (Groupama) eta Fernando Gaviriaren (UAE) artean egongo zela zirudien, baina, bat-batean, Dainese azaldu zen atzetik, eta denei aurrea hartu zien. Gaviria loriaren atarian gelditu zen berriro. Simone Consonni (Cofidis) izan zen hirugarren. Sailkapen nagusian, Juanpe Lopezek (Trek) lehen postuari eusten dio, baina orain Richard Carapaz da bigarren (Ineos), tarteko esprint batean hiru segundoko gain saria lortu eta gero.

Gaur, etapa gorabeheratsua

Atzoko etaparen antz gutxi du gaurkoak: kilometro bat gehiago du, 202. Bestela, oso bestelakoa da, ihesaldirako aproposa. Errepidea gora begira dutela hasiko dute eguna, eta hirugarren mailako hiru mendate igoko dituzte; azkena, Valico di Trensasco (4,3 kilometro eta %7,9ko pendiza), helmugatik 35 kilometrora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.