Irabazi ezinik segitzen du Eibarrek. Jada lau jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe. Berdindu egin du azken bietan: bina Athleticekin joan den asteazkenean; eta, bana Getaferekin, gaur. Baina bada aldea baten eta bestearen artean. Derbian, nagusi izan zen, eta aho zapore txarrarekin amaitu zuen partida. Halaxe aitortu zuten taldeko kide guztiek. Sari txikitzat jo zuten etxean berdindu izana. Gaur, ordea, sari bera lortu izanagatik ere, aho zapore onarekin amaitu dute neurketa. Batetik, nor baino nor gehiago aritu dira Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian dagoen talde baten zelaian; eta, bestetik, gai izan dira lehen gola jaso ondoren, burua altxatu eta neurketa berdintzeko.
Baina bakarra jar dakioke emaitzari, puntuak banaka batuta, askoz gehiago kostako zaiola Eibarri jaitsiera postuetatik aldentzea. Gaur-gaurkoz, hiru puntura du Mallorca, hemezortzigarren sailkatua. Oraindik zortzi jardunaldi jokatzeko eta 24 puntu banakatzeko falta direla kontuan hartuta, alde oso txikia da hori. Eibartarrek lehenbailehen hasi behar dute puntuak hirunaka biltzen. Datorren ostegunean dute hurrengo aukera, Ipuruan, Valentziaren aurka.
Derbiko hasierako hamaikako erdia baino gehiago aldatu du Jose Luis Mendilibarrek: Bigas, Burgos, Inui, Diop, Cristoforo eta Charles izan dira berritasunak. Aldaketek on diote taldeari, Eibar gogotsu zelairatu baita, eta lehen ordu erdian, gehiago jokatu da Getaferen eremuan Eibarrenean baino. Nagusitasun antzua izan da, halere, bisitariek ez baitute arriskurik sortu. Gutxiago sortu dute etxekoek, baina izan duten lehen aukeran gola sartu dute. Cucurellak ezkerretik erdiratu du, Angelek baloia ukitu du area erdirantz, eta han azaldu da Etebo, baloia saretaratzeko. Ezer gutxi eginda, aurretik jarri da Getafe. Eta horrek min handia egin dio Eibarri, eta behera egin du. Etxekoek hartu dute partidaren lema, eta arriskua sortzen hasi dira.
Baina lehen zatiaren luzapenean, eta euren burua larri ikusten zutenean, altxorra topatu dute eibartarrek. Cotek areara erdiratu du baloia, Enrichek buruz ukitu du, Angeli goiko lehia irabaziz, eta Charlesek buruz errematatu du, eta gola sartu, banakoa. 51. minutua zen. Min asko egiten duten gol horietako bat izan da, baina baita justua ere, bi taldeak nor baino nor gehiago aritu baitira. Bietako bakar bat ere ez da izan bestea baino gehiago.
Bigarren zatiaren hasierak ez du desorekarik eragin. Hasieratik geratu da argi ez batek ez besteak ez zituela beharrezkoak baino arrisku gehiago hartuko. Baten batek hartzekotan, Getafek izan beharko zuen, etxeko taldea izanik, baina Jose Bordalas aulkian izanda, arriskua oso neurtua izango da; inoiz ez da joango itsu-itsuan aurkariaren atearen bila. Eta Eibarri ondo etorri zaio arerioaren zuhurtasun hori. Eroso ikusi du bere burua, arriskutik salbu une oro. Hala, golen bat egotekotan, jokaldi bakarturen baten ondorio izango zen. Eta halaxe izan da. Bigasek sartu du, 86. minutuan, Diopen erdiraketa bat buruz errematatuta. Baina minutu eskas iraun du pozak, VARak baliogabetu egin baitu, Bigas jokoz kanpo zegoelakoan. Ez da ezer gehiago pasatu, eta banakoarekin amaitu da norgehiagoka.