Espainiako Vueltak eginak ditu hamabi etapa, eta indarrik ez du inork sobera jada. Denboraldiak eginak ditu hiru laurdenak baino gehiago, eta eman beharrekoak datozen egunetan edo Kopenhageko Munduko Txapelketan daude eman beharra. Nabaritzen da. Freskotasuna izaten da esprinterren artean dohainik preziatuena, eta freskoena aspalditxoan kiskali die askori denboraldiaren joanak. Hamabigarren etapa esprinterako zen aproposa, eta esprintean amaitu zen. Ahulduen esprinta izan zen, eta Peter Sagan (Liquigas) izan zen ahulduen artean indartsuena. Denboraldiaren joanak ez du, nonbait, haren freskotasunik kiskali. Seigarren etapa ere eslovakiarrak irabazi zuen joan den astean, baita hamabigarrena ere atzo. Nagusitasunez irabazi zuen, eta Kopenhageko Munduko Koparako hautagaien zerrendan tokia baduela erakutsi.
Saiatu ziren atzo ere iheslariak esprinta saihesten. Hasiera-hasieratik saiatu ere. 15. kilometroan osatu zen eguneko ihesaldia: Luis Angel Mate (Cofidis), Jose Luis Roldan (Andalucia-Caja Granada), Adam Hansen (Omega Pharma-Lotto) eta Ruslan Pidgorni (Vacansoleil). Tropelaren baimenarekin, baina haren kontrolpean egin zuten aurrera. Zortzi minututik gorako aldea izan zuten 37. kilometroan, eta orduan hasi ziren atzean antolatzen Sky eta Leopard. Moscosoko gaina harrapatu bezain pronto hasi zen aldea behera egiten. Ponte Caldeas gainean bost minutu ingurukoa zen, eta Pontevedrako helmugatik lehen aldiz pasatu zirenean, lau minutukoa. Saiatu zen bakarka aurrera egiten Hansen, baina ez zuen lortu. Saiatu ziren Mate eta Pidgorni hurrena, baina ez zuten lortu. Atzean, ordurako bete-betean ari ziren lanean esprinterren taldeak. Helmugarako hiru kilometro falta zirela harrapatu zituen tropelak iheslari guztiak.
Benattiren alde egina zuen apustua Leopardek, eta harena izan zen lehen mugimendua. Cancellara jarri zen tropelaren buruan, indar betean. Bazuen helmugak aldapatxo bat, eta hari segika egin zuten esprinterrek aldapatxoa. Benattiri zegokion azken txanpan erantzukizuna hartzea, baina hark aurrera egiterako egin zuen aurrera Saganek. Indartsu, oso indartsu. Hasieratik ikusi zen harena zela balio zuen erasoa. Saiatu ziren Degenkolb, Bennati, Petacchi eta enparauak hura estutzen, baina alferrik.
Gaurko etapak bost mendate ditu. Gogorrena, helmugatik 60 kilometrora.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Ahulduetan indartsuena
Espero zen bezala, esprintean amaitu da hamabigarren etapa, eta Peter Saganek irabazi du, bigarrenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu