Aiala Zarautz Ohorezko Mailakoa da

26-24 irabazi du Sporting Errioxaren aurka, eta gorengo mailan ariko da heldu den sasoian.Azken txanpan aurkaria baino hobea izan delako irabazi du kanporaketa

Aiala Zarauzko jokalariak, mailaz igo izana ospatzen, Zarauztik Oviedora joaniko laurehun zaleekin. GORKA RUBIO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Zarautz Eskubaloi Taldea 50. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta ospakizunek atzo jo zuten goia. Aiala Zarautzek, elkarteko emakumezko taldeak, 26-24 irabazi zion Logroñoko Sporting Errioxari, eta horri esker Ohorezko Mailan jokatuko du heldu den sasoian. Zarauzko taldeak hobeto jokatu zuen partidako azken minutuetan, eta 4-0eko partzial erabakigarri bat lortu; hor egon zen garaipenaren gakoa. Gauzak hala, hiru euskal talde ariko dira gorengo mailan: Aiala Zarautz, Zuazo Barakaldo eta Bera Bera.

Zarauzko herriak Oviedoko (Espainia) Pumarin kiroldegiko harmailak hartu zituen atzo, eta Aiala Zarautzek balentria lortu bazuen, hein handi batean hara joaniko ia laurehun zaleen berotasunarengatik lortu zuen. 1983an egon zen aurreko aldiz gorengo mailan, eta 32 urte geroago berriz ere itzuliko da. Harmailetan askogatik irabazi zuen Zarautzek; pistan, baina, dena estuagoa izan zen. Partida gogorra izan zen, eta Logroñoko taldeak aurkari handia zela erakutsi zuen. Gogor defendatu zuen, eta Zarautzek estu hartu zuenean baliabide tekniko handiak plazaratu zituen.

Zarautzek bi zati ezberdin izan zituen. Aurrenekoan sufritzea egokitu zitzaion, eta sufritzen jakin zuen. Sportingek bere erritmoa ezarri zion partidari, eta tartetxoa ireki zuen (7-9, 23. min). Zarautzek, baina, ez zuen amore eman, eta, oso deseroso aritu arren, lanean jarraitu, eta atsedenaldira berdinduta iristea lortu zuen Naiara Badiolaren bi goli esker (11-11, 30. min).

Bigarren zatian, aldiz, Zarautzek hobeto jokatu zuen. Urduritasunak aldendu eta gustuko duen joko bizi hori egin zuen. Fisikoki ere hobeto eutsi zion tratuari, eta jokoa orekatu egin zen. Sporting Errioxa hutsak eta penaltiak egitera behartu zuen. Deigarria epaileen ausardia, Zarautzen aldeko bederatzi penalti adierazi baitzituzten bigarren zatian. Dena den, Sportingek ondo erantzun zuen, buruz buruko jokaldiei esker (19-19, 45. min.).

Logroñoko taldeak maila handiko jokalariak ditu, eta kalitateari esker aurretik jarri zen (21-22, 52. min). Zarautz, baina, talde bat da, ondo landua, eta freskoago iritsi zen azken txanpara. Zalduak bi gol bikain lortu zituen jarraian—zazpi sartu zituen bigarren zatian—, Cardenasek beste bat, etaBadiolak laugarrena penaltiz. Zarautzek gauzak argiago ikusi zituen azken minutuetan, eta 4-0eko partzial horri esker garaipena ziurtatu zuen (26-23, 58. min).

Partidaren amaieran eromenak irentsi zuen pabiloia. Erdian jokalariak zeuden, eta eurekin, Martin Larrañaga entrenatzailea. «Sekulako lana egin dugu, baina jendeak ematen digun babesa harrigarria da; hau herriaren garaipen bat izan da». Partidari buruz mintzatzean, berriz, azken txanpa goratu zuen. «Urte osoan erakutsi dugu partida amaierak jokatzen badakigula. Agian kalitatez ez gara aurkariak bezain distiratsuak, baina lan fisiko handia egin dugu, eta horregatik bukatzen dugu fresko». Gaur finala jokatuko du Zarautzek, eta titulua irabazten saiatuko da (12:45).

Bera Beraren pauso handia

Bera Berak pauso handia eman zuen atzo liga irabazteko bidean. Donostiako taldeak 20-26 irabazi zuen Guardesen pistan, eta sailkapeneko lehen postuan dago. Atzokoa partida garrantzitsua zen, Guardes hirugarren sailkatua baita, eta, Rocasari egin beharreko bisitarekin batera liga amaierako partida zailenetakoa zen. Bera Berak bigarren zati bikainari esker irabazi zuen. Atsedenaldira 13-10 galtzen iritsi ondoren, sendotasun handiz eman zion buelta partidari.

Zuazo Barakaldok ere ondo egin zituen lanak atzokoan, eta 24-33 irabazi zion Clinicas Rincon Malagako taldeari. Zuazo zortzigarren postuan dago, eta liga amaiera oso lasaia izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.