Aimar Olaizolak tendinitisa du sorbaldan, eta ez du jokatuko igandean, binakako txapelketako partidan. Asteak daramatza minarekin, baina aurrekoetan jokatzeko moduan iritsi da partidetara. Oraingoan, aldiz, ezinezkoa izan da, eta Mikel Urrutikoetxeak ordezkatuko du Bilbon. Gauzak hala, Urrutikoetxea eta Beroiz ariko dira Irujo eta Barriolaren aurka. Urrutikoetxea eta Beroiz bikote izan ziren iazko txapelketan, eta finalerdietarako sailkatu ziren.
Olaizolaren lesioa ez da berria. Goizuetako aurrelariak hilabete pare bat daramatza masajistarengana astean hirutan joaten. Kiropraktikoa ere probatu du, baita erresonantzia magnetikoa ere. Azkenean, Mikel Sanchez medikuak argitu dio tendinitisa dela. Atsedena neurri eraginkorra izaten da; beraz, baliteke astebete baino gehiago egitea geldirik.