SALZBURGO 0 - 2 REALA

Airean hegan, zelaian ere bai

Lehen zati perfektua jokatu du Realak Salzburgon, eta, jokoaren kontrolari eta eraginkortasunari esker, ederki bideratu du partida; eutsi egin dio gero. Oiartzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte golak

Realeko jokalariak, Brais Mendezek sartutako gola ospatzen, atzo, Salzburgoko Red Bull Arena estadioan. LUKAS HUTER / EFE.
jon eskudero
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
0-1. Oiartzabalek (7. min.). 0-2. Brais Mendezek (27. min.).

Hegan joan, hegan egin, eta hegan itzuli. Austriarako bidaia ez du edonola osatu Realak, helburu guztiak ongi beteta igaro baitu Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia. Hegazkineko hegaldietan ez ezik, zelaian ere hegan egin zuten txuri-urdinek gaur hankapean hartu eta ondo merezita gainditu baitzuten Salzburgo.

Lehen zati perfektua jokatu zuen Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak, futbolean behar den guztia baliatuta: nortasuna, jokoaren kontrola eta eraginkortasuna. Hiru aldagai horiek ardatz harturik, talde handien izaerarekin aritu ziren txuri-urdinak, eta txiki utzi zuten Salzburgo. Pase guztiak zehatz eta bizkor egin zituzten, eta jokoan izandako aldea emaitzan islatzen asmatu zuten.

Oiartzabalek eta Brais Mendezek egin zituzten golak, lehen ordu erdia betetzerako. Bigarren zatian bestelako itxura eman zuten etxekoek, baina Realak ez zuen arazorik izan 0-2koari eusteko. Garaipenari esker, lehen jardunaldian Milango Interren aurka berdindu izana emaitza on bihurtu dute donostiarrek.

Dudarik ez dago azken urteetan nabarmen hazi dela Reala, baina horixe du hurrengo erronka: asteburuetan liga, eta aste barruan Europako lehiaketak egoki uztartzea. Itxura batean, bada, taldeari ez zion inolako zamarik ekarri aurrez Athleticen aurkako derbiak eragindako nekeak. Partida harekin alderatuta, Imanolek soilik bi aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan, eta berritasun nagusia Oiartzabal izan zen. Kontuak zer diren, kapitaina bera izan zen txuri-urdinen onena.

Realak bizi-bizi ekin zion lehiari, gogotsu eta aurkaria irensteko prest. Oso goian egin zuen presioa, eta itotzear aritu zen une oro Salzburgo. Lehen bost minutuetan, hiru aukera alferrik galdu zituzten txuri-urdinek, baina hurrengo aukeran ez zuten huts egin. Baloia Oiartzabalen oinetara iritsi zen, eta, patxada osoz, maisuki bideratu zuen baloia sarera aurrelariak, seigarren minutuan. Kalitate handiko errematea izan zen, oso gutxiren esku dagoena.

Gol goiztiarrari esker, berak nahi zuen tokian ipini zitzaion neurketa Realari, eta minutuak igaro ahala, gero eta nabarmenagoa izan zen bi taldeen arteko aldea. Salzburgoko jokalarien batez besteko adina soilik 21 urte izanik, apur bat tokitik kanpo eta aurkariari neurria hartu ezinda ibili ziren etxekoak, eta haien ezina baliatu zuten txuri-urdinek distira egiteko. Paseak zehatz eta azkar egin zituzten, eta lehen zatiak datu aipagarri bat izan zuen: Realak %91ko eraginkortasuna izan zuen paseetan.

Jokoaren kontrola txuri-urdinena zen, eta, behin Salzburgoren presioa gaindituta, erasoan zernahi egiteko aukera izan zuten. Halaxe iritsi zen bigarren gola. Bere zelaian baloia hartu eta aurkariaren arearaino iritsita, Brais Mendezek lortu zuen 0-2koa, kontraeraso dotore batean. Gol gehiago sartzeko aukerak ere izan zituen Realak.

Ziurrenik donostiarren merituz, Salzburgok oso irudi eskasa eman zuen lehen zati osoan. Baloi luzeetan lasterka eginda, arrisku sentsazioa eragin zuen pare bat aldiz, baina ezer gehiagorik ez. Hori ikusita, aldaketa hirukoitza egin zuen bigarren zatirako, eta bestelako intentsitate batekin jokatu zuten etxekoek, lehen minutuetan bereziki.

Partidan bete-betean sartzeko aukera izan zuten, epaileak penaltia adierazi baitzuen haien alde. Ordea, jokaldia errepikatuta ikusi ondoren erabakia atzera bota zuen. Arnasa hartu zuen Realak, eta gerora ederki kudeatu zuen emaitza. Imanolek garaiz egin zituen aldaketak, eta, jokalarien freskotasunari esker, emaitzari bere horretan inolako arazorik gabe eutsi zieten txuri-urdinek.

Imanol «harro» mintzatu zenpartida amaieran. «Zoratzeko moduko lana egin dugu. Lehen zatian egin duguna oroimenean geratuko da. Oso zaila da Txapeldunen Ligako partida batean horren ondo aritzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.