Bosgarren Hiribidetik

Aireko zubi nekagarriak

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urteko mugimendua. Egiten bada, oraindik ez delako egin. Milaka eta milaka prentsa orri eta irrati uhin bete ditu Carmelo Anthony protagonista izango duen jokalari aldaketa erraldoiak. Gabonak baino lehenago piztu zen berria, baina bueltaka eta bueltaka dabiltza oraindik, aireko zubi nekagarriak bezala. Gurean erosoak direlako aireko zubiak, ordu pare batekoak, asko jota. AEBetan askoz luzeagoak dira. Hiru ordukoa, Denver eta New York artekoa. Hangoa da Anthony, eta hara joan nahi du, Denverko hotzarekin nekatuta, eta aisia aukera apalarekin aspertuta. Dozenaka izen, baldintza eta klausula agertu dira, baina akordiorik ez da ernatu. New Jersey Nets saiatu zen serio, baina nekatu egin da talde hortako jabea, Mikhail Prokhorov errusiarra, eta haizea hartzera bidali du Anthony. Lock-out edo grebaren arriskua ere oso present du Anthonyk, ekainean bukatzen zaion kontratua lehenago berritzen ez badu, askoz diru gutxiago irabaziko duelako hitzarmen berriarekin. Ez baita berdin, urteko hogei milioi dolar edo hamabi jasotzea (14,5 milioi edo 8,7 miloi euro). Anthonyk dirutza hori merezi ote duen ere eztabaidatu daiteke, gaur-gaurkoz Melo ez baitago NBAko bost jokalari onenen zerrendan. Otsailaren 24a da muga.

Los Angeles, Boston, Miami. Aireko zubi ezagunak dira hiri horien guztien artekoak AEBetan. Hilabete batzuk atzera ere, NBAko final handia hiru hiri handietako batean jokatuko zela zioten aditu guztiek. Zalantzarik ez zegoen Mendebaldeari dagokionez, eta bi aukera nagusitu ziren Ekialdean. Denboraldiak lan erdiak pasata dituela, indarrean jarraitzen dute Bostonek eta Miamik, baina ahuldu egin da Los Angelesko hautagaitza. Lakers pattal baitabil. Ez bere balantzean, txukuna baita, baina bai talde handien aurka erakutsi duen itxura kaskarragatik. Muturrekoa eman zion Miamik Staples Center panpoxean Gabonetan, eta muturreko handiagoa joan den igandean Bostonek. San Antonioren bisita jasoko dute Kaliforniakoek ostiral goizaldean. Beste inor baino indartsuago ari dira Texaskoak, eta euren markak beldurra ematen du: 40-7. Aukera ezin hobea dute Phil Jackson zen maisuaren psikologia indartsuari beste kolpe bat emateko.

Izarren partida. Otsailaren 18tik 20ra bitarte jokatuko da, Los Angelesen. Mendebaldeko eta Ekialdeko hasierako bostekoak bozketa bitartez erabakitzen dira, eta bozketa horiek hautaketa hau utzi dute. Mendebaldean, Chris Paul, Kobe Bryant, Anthony, Kevin Durant eta Yao Ming. Ekialdean, Derrick Rose, Dwyane Wade, LeBron James, Amar'e Stoudemire eta Dwight Howard. Hamarreko horretan, ordea, hutsune bat egongo da, Yao lesionatuta dagoelako; eta txinatarra nork ordezkatu, eztabaida handia piztu da. Tim Duncanek merezi du, batzuen ustez, gainbehera egon arren NBAko talde oneneko pibota delako. Blake Griffinentzat beharko luke postuak, Los Angelesen jokatzen duelako, Clippersen, eta 23 puntu eta hamahiru errebote lortzen ari delako partidako, bere lehen sasoian. Duncan izan zen, hain zuzen ere, rookie-a izan eta All Star-erako hautatu zuten azken jokalaria, hamahiru urte atzera. David Stern komisionatuarena da hitza. Griffin ordezko gisa ere hauta dezakete. Ziurrena, hauxe: txikitzeen lehiaketan ariko dela, eta txapela irabazten, normalean, mutil horrena ez delako normala.

Hamaika ikusteko jaioak gara. NBAk edozein jarraitzaile aho bete hortz uzteko gaitasuna du. Urtarrilaren 18an gertatu zen, Salt Lake Cityko Energy Solutions Arena kantxan. Utah Clevelanden aurka, eta Utah-ko maskota, hartz bat, I'm a loser (galtzaile bat naiz) zioen kartela erakusten han eta hemen. Clevelandeko zale bat haserretu egin zen, eta segurtasuneko kideek kanporatu egin zuten. Zale hori kantxa gurutzatzen ari zela, ordea, hartzaren bila joan eta muturrekoka hasi ziren, kantxa erdian. Ikusten ez baduzu, ez duzu sinesten. Non ikusi? Hemen: http://www.youtube.com/watch?v=jLO6VwQM5eY&feature=fvst.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.